Zahartzaro eredu berriaz hausnartu du Segurako Udalak herriko adineko pertsonekin
Baratze pilotalekuan aurkeztu dute lanketaren diagnosia. 55 urtetik gorako segurarrekin batera landu dituzte etorkizuneko lan ildoak.
Zahartzaro eredu berri baten inguruan hausnartzeko prozesu parte hartzaile bat garatu du Segurako Udalak, herriko 55 urteko pertsonekin elkarlanean. Banakako zein taldekako elkarrizketak egin dituzte eta galdetegi bat ere bete dute 102 bizilagunek. Bildutako datuekin, Segurako zahartzaroari buruzko iritziak jasota argazki bat osatu dute, diagnostiko eta guzti. Ez hori bakarrik, etorkizunari begira eta egungo sistema hobetzeko asmoarekin, hainbat erronka ere jarri baitituzte mahai gainean. Pasa den ostiralean egin zuten aurkezpena Baratze pilotalekuan.
Izarra Urdalleta Segurako alkateak garbi dauka irauli beharra dagoela gaur egun zahartzaroari buruz hedatuta dagoen kontzeptua: «Gizarteak produzitzeari uzten dioten pertsona horiek baztertzen ditu», dio erretiroa hartzen duten adineko pertsonak gogoan. Kontrara, pertsona horien bizi esperientzia, jakinduria eta denbora gizartearentzat erabat baliagarriak direla uste du: «Ekarpen handia egin diezaiekete gizarteari, herri txiki hauetan begi bistakoa da hori, gertuko harremanak baititugu adin ezberdinetako pertsonok egunero», zehaztu du. Onura aldebikoa litzateke; batetik esan bezala, gizartearentzat, eta bestetik adineko pertsona horientzat, «baliagarria sentitu daitekeelako, psikologikoki ere motibazio bat izango duelako». Hain zuzen, sentsibilizazio hori bultzatu nahi dute prozesu honen bitartez, «horretan pentsatzen jarri beharra daukagu, baita administrazio publikoetatik ere», esan du Urdalletak.
Alderdi emozionala
Beste multzo batean sartu dituzte 80 edo 90 urtetik gorako adinekoak eta menpekotasun egoera handiagoa izan dezaketenak. «Orduan da momentua herritar horiei aurretik emandakoa itzultzekoa, eta zergatik ez herriko gazteek edo herritarrek, belaunaldien arteko harremanak bultzatuz», hausnartu du. Gaur egungo zaintza ereduari buruz ere galdetu diete herritarrei eta begi onez ikusten dituzten arren, hutsuneak nabarmendu dituzte. «Osasuna, garbitasuna… ondo bermatuta daude adibidez, egoitzetan, baina alderdi emozionalari dagokionean gabeziak handiak dira», azpimarratu du alkateak.
Prozesua Aztiker Ikerguneak zuzendu du udalarekin elkarlanean eta egindako lanketatik hainbat datu interesgarri atera dituzte. Batetik, banakako elkarrizketak egin dituzte «antolatuta dauden eta antolatu gabe dauden» adinekoekin; emakumeak batetik eta gizonak bestetik «ahots, ikuspuntu eta bizimodu ezberdin guztiak jasotzen direla bermatzeko». Horietaz gain, talde eragile ezberdinekin eta Seguran gizarte gaiak lantzen dituen foroko ordezkariekin ere egin dira aurrez aurreko elkarrizketa hauek.
Galdetegia
Bestalde, galdetegia 55 urtetik gorako 102 segurarrek osatu dute. Horietatik %59,8 emakumeak izan dira eta adin tarteari erreparatuta %40,1, 65 urtetik beherakoak dira. Zaintzari dagokionez, inkestatutako adineko pertsonen heren batek adierazi du «ez dakiela norbait edukiko lukeen haiek zaintzeko baldin eta dependentzia egoera batean egongo balira», eta ia %5ak aipatu du «ez duela inor haiek zaintzeko». Zentzu horretan galdetutakoen gehiengo zabal bat —%90,3— egungo zaintza eredua berritzearekin bat etorri da. Gainera, %97,7k garrantzitsutzat jo du zahartzaroak dakartzan dependentzia eta ahuldadeei lekua egitea. Seguran bizi diren adinekoen artean gutxiengo dira (%13,5) bakarrik bizi direnak; gehienak (%84,5) senar-emazteekin bizi dira. Orokorrean, inkestatuen %10ak adierazi du «bakarrik» sentitzen direla.
Etorkizunari begira zahartzaroaren gaiak planteatzen dituen erronken inguruan ere galdegin zaie. Hala, «adineko pertsonek herriari eta ingurukoei ekarpena egitea bermatuko duten borondatezko sistemak» sortzearen alde agertu da galdetutakoen %82a. Etxebizitza kolektiboekiko «adostasun handia» adierazi dute gehienek eta «proiektu interesgarritzat» jo dute etorkizunari begira. Herrietan adineko pertsonentzako zerbitzu eta kontsumorako espazioak egitea «garrantzitsua» iruditu zaio %93,5ari.
Amaitzeko, Seguran eta inguruan dauden zerbitzuak «hobetu» behar direla uste dute gehienek, «dauden beharrak asetzeko». Azpimarratzekoa da baita «afektibitatea lantzea beharrezkotzat» jotzen dutenen zenbatekoa ere.