Igartza musika sariketa larunbatean izango da
Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiko 45 ikaslek parte hartuko dute.
Igartza Musika Bekaren IX. edizioa izango da, larunbataean, Igartza jauregian. Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek euren onena eskainiko dute bertan. Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian musika ikasketak egiten ari diren 45 ikaslek parte hartuko dute. 25 izango dira Gradu mailan parte hartuko dutenak eta 20 Masterrean.
Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zuten Igartza Musika Beka, 2016an. Beasaingo Udalak, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroarekin lankidetzan sortutako egitasmoa da, eta Igartza Musika programaren osagarria da.
Beasaingo Udalak sortutako bekak, Euskal Herriko Goi MailakoMusika Zentroa den Musikenen ikasteko diru laguntza ematen du: Gradu Beka saria 2.200 euro eta Master Beka saria 3.300 euro.
Egun osoko egitaraua
Kontzertu-emanaldiak goizeko 09:00etan hasiko dira, eta musikari bakoitzak, 10 minutuko saioa eskainiko du. Goizeko saioa, 14:00ak arte luzatuko da, eta arratsaldekoa, 15:30etik 18:50era. Entzunaldi saioen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa.
Aurtengo irabazleei sari ematea, 19:30etik aurrera egingo dute.