Juan Jose Iturrioz soinujole beasaindarra hil da
Ostiralean izango da hileta elizkizuna.
Juan Jose Iturrioz Arrondo beasaindarra, atzo hil zen, 76 urterekin. Beasaingo San Joan auzoan jaioa, musikari lotuta egin du bizitza eta horregatik ezaguna zen. Oso gaztetatik hasi zen soinua jotzen ikasten, Tolosako Pepe Tarragona irakaslearekin, eta ondoren, Gabiriako Pepe Artzelusekin jarraitu zuen. Aldi berean, Beasainen musika ikasi zuen.
Herriko ospakizun askotan parte hartu izan du Iturriozek bere soinuarekin. Urte askoan, Beasaingo mendizaleek Arangoiti adineko pertsonen egoitzara egiten duten bisitan lagundu du musikarekin giroa alaituz. Era berean, 1990 urtetik 2001 urtera, jubilatuen egoitzan sortutako abesbatza zuzendu zuen.
Ordiziako jubilatuen egoitzan ere dantzaldi ugari alaitu zituen, baita Zegamako San Joan eguneko kintoen bazkaria ere.
Beilatokia eta azken agurra
Gorpua, Beasaingo Goierri beilatokian egongo da, gaur, osteguna, 19:00ak arte, eta bihar, ostirala, 10:00etatik 13:00etara.
Hileta elizkizuna, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, Andre Mari Zeruratuaren elizan egingo da.