«Erosketak etxetik egitera ohitu gara eta dendek ez dute etorkizunik»
Emakumeek gaur egun baino zailtasun gehiago zituzten garai batean, Mertxe Cobosek (Otivar, Granada, Espainia, 1953) bidea ireki zuen. Merkatari eta ekintzaile eredugarria izan da.
Cobos janari-denda batekin hasi zen eta ondoren bazar bat eta bi arropa-denda ireki zituen. Bere familiako hainbat emakumeri lana eman die. Duela urte batzuk bazarra saldu zuen eta duela gutxi Beasaingo eta Zumarragako Kux-Kux haurrentzako arropa-dendak itxi ditu.
Non jaio zinen?
Granadako Otivar herrian jaio nintzen, 1953an. 1957an nire gurasoak Ordiziara etorri ziren. Aitak CAF enpresan lan egin zuen eta ama garbitzaile aritu zen. Urte askotan Ordiziako Jose Mari jatetxean lan egin zuen. Lau anaia-arreba gara eta ni naiz zaharrena.
Ze ikasketa egin zenituen?
Oinarrizko ikasketak egin nituen. Ondoren, Ortegaren fruta-dendan lan egiten hasi nintzen. Zortzi urte eman nituen beraiekin. Gazte ezkondu nintzen, 19 urterekin, senarra ni baino zortzi urte zaharragoa baitzen. Ezkondu ondoren, Ordiziako dendan lan egiten jarraitu nuen.
Ez al dizu pena ematen gehiago ikasteko aukera ez izanak?
Bai. Zientzietatik joko nuke. Letrekin gaizki moldatzen nintzen. Maistrak idazlan bat egiteko agintzen zigunean, ez zitzaidan batere bururatzen. Hamar problema jartzen bazizkigun, berriz, ni pozik.
Noiz etorri zinen Zumarragara?
Ezkondu nintzenean. Roberto errioxarra zen, baina Zumarragan bizi zen. Ordizian ezagutu nuen. Irastortza eraikuntza enpresan lan egiten zuen eta Renault kontzesionarioko obran lan egitera joan zen Ordiziara. Nik lan egiten nuen dendara etortzen zen ogitartekoak erostera eta hala ezagutu genuen elkar. Ezkondu eta bi urtera, Ordiziako denda utzi eta nire lehen denda hartu nuen Zumarragan.
Janari-denda zen, ala?
Hasieran Rosaren supermerkatua bezala ezagutzen zuten eta nik hartu nuenean, 1974an, Gertu izena zuen. Nik Onena izena jarri nion. 23 urte eman nituen supermerkatuarekin. Baina geroz eta gutxiago saltzen zen, supermerkatu handiak ireki zituztelako. Hala, Madrilgo feria batetik itzuli ondoren, janari-denda itxi eta bere tokian bazar bat irekitzea erabaki nuen. Madrilen frankizia bat ezagutu nuen, baina nik ez nuen frankiziarik nahi. Independentea izan naiz beti: bolada txarrak pasa ditut, baina beti aurrera egin dut. Bazarrarekin oso ondo joan zitzaidan. 21 urte eman nituen bazarrarekin eta duela sei urte negozioa neska bati saldu nion. Bera ere oso gustura dago negozioarekin. 44 urte eta bezeroak zituen negozio bat saldu nion.
Kux-Kux izeneko haurrentzako jantzi-dendak ere ireki zenituen.
Senarrak kamioi bat erosi zuen Irastortza enpresa kanpora joan zenean. Ondoren, osasun arazo bat izan zuen eta lana uztea erabaki zuen. Kamioiaren salmentarekin lortu genuen diruarekin, Zumarragako Urdaneta kaleko Kux-Kux denda ireki genuen. Duela 35 urte izan zen. Beasaingo Esteban Lasa kaleko Kux-Kux, berriz, 1996an ireki nuen.
«Kux-Kux dendak itxiko ditut ez gaizki doazelako, alabak erreleboa hartu nahi ez duelako baizik»
Oso ausarta zara.
Supermerkatua nuen eta nire ahizpa Marijosek nirekin lan egiten zuen. Kux-Kux ireki genuenean, ahizpa Kux-Kuxera etorri zen eta nik supermerkatuan jarraitu nuen. Senarra, berriz, komodina zen. Ekintzailea izan naiz beti. Kamioiaren diruarekin lokala ordaintzen amaitu nuen eta denda irekitzea erabaki nuen. Nik neuk egin nuen merkatu azterketa: ze denda mota behar da Zumarragan? Haurrentzako arropari dagokionez, Baby eta Mentxu y Yone dendek prezio ertain eta garestiko arropa saltzen zutela ikusi nuen. Hala, nik prezio ertain eta baxukoa saltzea erabaki nuen. Horretarako, Mayoral enpresarekin harremanetan jarri nintzen. Oso enpresa indartsua da eta salneurri eta kalitate oneko arropa egiten du. Beraiekin lan egin dut azken 35 urteetan.
Zergatik erabaki duzu Kux-Kux dendak ixtea?
Ez da izan gaizki doazelako, alabak erreleboa hartu nahi ez duelako baizik. Alaba gazteenak enpresa batean lan egiten zuen eta 2011n langabezian gelditu zen. Zumarragako dendan nire ahizparekin lan egiten zuen neska Gasteizera joan zen eta bere tokia nire alaba gazteenak hartu zuen. Baina nire alabari urpean igeri egitea asko gustatzen zaio eta hortik jo nahi du. Aspaldi esan zidan ez duela denden ardura hartzeko asmorik eta urte hasieran bere azken urtea izango zela aipatu zidan.
Sei urte daramatzat jubilatuta eta ez dut inori ofizioa erakusteko gogorik. Ezta berriro lanean asteko gogorik ere. Gainera, Beasaingo dendako langileak, nire koinata, eta Zumarragakoak, nire ahizpa, 62 urte dituzte. Langabeziara joan dira eta ondoren jubilatu egingo dira. Alaba, berriz, Filipinetara joango da urpekari irakasle titulua eskuratzera. Horretan lan egin nahi du. Ez dakit non bukatuko duen, baina bere bizitza da.
Ekintzailea izateaz gain, lanpostuak sortu dituzu.
Egia esan, senitarteko askori eman diet lana. Nire ahizpak ere nirekin lan egin zuen: langabezian gelditu zenean, lanegun erdiko lana eman nion Zumarragan. Bestalde, bazarraz gain, jantzi-denden kontabilitateaz arduratzen nintzen. Langilea eta ekintzailea izan naiz, bai.
«Egia esan, senitarteko askori eman diet lana; langilea eta ekintzailea izan naiz, bai»
Urretxu-Zumarragako eta Beasaingo merkatari elkarteetako kidea izan zara.
Bi-Tartean elkartea sortu zenean, zuzendaritzako kidea izan nintzen. Ondoren, lehendakaria izan nintzen. Bareak elkarteko diruzaina ere izan naiz.
Nola ikusten duzu merkataritza txikia?
Denda asko ixten ari dira. Denda txikiek ez dute etorkizunik. Errua gurea da: erosketak sofan etzanda egitera ohitu gara. Denda txikiak online saltzen saiatzen ari dira, baina horretan ezin dute handiekin lehiatu. Gauzak ez badira asko aldatzen, denda txikiek ez dute etorkizunik. Zorionez, Beasaingo lokala berehala alokatu dut. Marokoar jatorriko neska batek alokatu du, bere herrialdeko produktuak saltzeko.
Oso langilea izan zara, baina sei urte daramatzazu jubilatuta. Ez al zara aspertzen?
Ez. Senarrari txakur bat oparitu zioten eta txakurraz arduratzen naiz. 14 urte egin ditu Urretxuko jaietan. Bestalde, nire amak 92 urte ditu eta Andaluzian bizi da, bakarrik. Ahal dudan guztietan joaten naiz berarengana. Horrez gain, Errioxan etxe bat dut, baratzearekin eta fruta-arbolekin.