Unibertsoaren inguruko jakintza hizpide izango da ‘Azaroa zientziaroa’-n
Fernando Plazaola fisikan doktorea da azkeneko saioko gonbidatua.
Lemniskata elkartearen Azaroa zientziaroa zikloaren aurtengo edizioari amaiera emango diote bihar, ostirala. Azken hitzordu honetako gonbidatua Fernando Plazaola da, eta Unibertsoa: bere ezagutzaren historia hitzaldia eskainiko du. Ohi bezala, Beasaingo Igartza jauregian izango da, 19:00etan hasita.
Fernando Plazaola, Fisikan doktorea da, eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa da. Goierritarra, Lemniskataren kolaboratzaile handienetako bat da, eta gaurkoa, elkarteak antolatzen dituen zikloen barruan hirugarren hitzaldia izango da hau.
Unibertsoa ulertzea
Hitzaldiaren helburua da, era ulerterrazean egun dugun unibertsoaren ezagutza nola lortu dugun aurkeztea. Einsteinen teorietatik hasita, gaur arteko teoria desberdinak izango ditu hizpide. Kosmologia modernoaren jatorria azalduko du eta egun denok ezagutzen dugun Big Bang teoriaz ere mintzatuko da, besteak beste.
Gogoratu ere, biharko ekitaldian, bazkideek doan jaso ahal izango dutela Tomas Salazar eta Aizkorri Mendizale Elkarteak egindako lana liburua.