«Aurrerapausoa eman dut aurten, karreren lehian ere sartuta»
Denboraldi aipagarria osatu du profesionaletako bigarrena Xabier Berasategik (Olaberria, 2000). Kirol lorpenen eta aurrerapausoen adierazgarri, Euskaltelek bi urterako luzatu dio kontratua.
Orain bi aste elkartu ziren lehen aldiz Euskaltel Euskadiko txirrindulariak, fitxaketa asko tartean, 2025eko denboraldiko lehen hartu-eman modura. Xabier Berasategi olaberritarra gakoa eta etorkizuneko zutabeetakoa izango da.
Martxan hasita berriz, beraz?
Bai, Elgoibarren kontzentrazio txiki bat egin dugu. Kide berriak 8-9 datoz, batzuk kanpotarrak, eta haiek eta Euskaltel ezagutzeko elkartu gara. Lehiaketan urtarril bukaeran hasiko gara. Entrenatzen hasita gaude dagoeneko, azaroaren lehen asteaz geroztik. Opor batzuk ere hartu ahal izan ditut, eta lanari ekiteko prest.
Aurtengo urtearen balorazioa nolakoa egiten duzu?
Orokorrean, balorazioa positiboa izan da. Banekien zein karretatan ibil nintekeen aurrean, eta helburua geroz eta maila hobea ematea izan da. Karrera irabazteko lehian ere ibili naiz, eta pozik nago alde horretatik. Nik uste aurrerapausoa eman dudala.
Zer nota jarriko zenioke?
Zazpi eta erdi.
Hobekuntza zertan sumatu duzu?
Nire espezialitateko karreretan, esango nuke: klasika gorabeheratsuetan, aldapa motzak eta jarraituak dituztenetan hobeto sentitu naiz. Karreretan sartuago egon naiz. Hobetzeko gauzak ere arlo denetan dauzkat oraindik.
Lehen itzuli handian izan zara, Espainiako Vueltan. Zer moduz?
Ondo. Ondo hasi nuen, baina lehenengo astearen ondoren gaixotu, eta sukarrarekin ibili nintzen. Buelta ematea kostatu zitzaidan, uste nuen etxera joan beharko nuela. Atseden eguna parean tokatu zitzaidan, eta errekuperatu nintzen. Ondoren, lehenengo eguna Galizian miseria pasatu nuen, baina hobeto sentitu, eta esprint batean aurreko lehian ere sartu ahal izan nuen.
«Nire espezialitateko karreretan sumatu dut hobekuntza: klasika gorabeheratsuetan, aldapa motzak eta jarraituak dituztenetan hobeto sentitu naiz»
Europako Txapelketarako hautatu zintuzten, Espainiako selekziorako.
Munduko esprinter onenekin korritu nuen, eta han egotea garrantzitsua izan zen. Vueltan Aberasturiri esprint batean lagundu nion, eta helburu berarekin joan nintzen Europakora, hari laguntzekotan. Ez genuen zorte handirik eduki, erori egin nintzen, eta ez nuen lasterketa bukatu. Baina esperientzia ona izan da. Selekzioetan jende eta lan egiteko era desberdinak daude.
Euskal Herriko Itzulia ere probatu duzu.
Polita izan zen etxeko karreran ateratzea. Ihesaldiren batean sartzea falta izan zitzaidan, baina karreran ikusi nuen nire burua. Ibilbide idealena ere ez zen niretzat. Lehen etapa zen politena nire ezaugarrientzat, baina bukaeran erori egin nintzen. Besteetan, jada ihesaldietan sartzea zen helburua, baina ez nuen lortu.
World Tour mailakoekin askotan lehiatu zarete. Zer sentsazio izan duzu haien artean?
Oso ona. Azkenean, munduko karrera onenetakoak korritzeko aukera izan dut. Jende onarekin aritzeak aukera ematen du puntutxo bat hobetzen jarraitzeko.
Probatutako karreren artetik, zein gustatu zaizu gehien?
Fleche-Wallonne, adibidez, gustatu zitzaidan. Une batean elurretan ibili ginen; kazkabarra hasi zuen, hoztu ginen denak, eta 30 batek bakarrik bukatu zuten. 15 bat gradurekin eta eguzki epelarekin gindoazen, eta 5 minutuan 3 gradura jaitsi zen. Arroparik gabe harrapatu gintuen, eta, hoztuta, beste guztiak erretiratu egin ginen. Esperientzia bat da hori ere.
«Ez dugu gauza askorik komentatu 2025erako, baina klasiketan eta Frantziako egutegian taldeko erreferenteetako bat izango naiz»
Kontratua luzatu dizu Euskaltelek. Pozik?
Pozik nago. Hemen gustura nago, eta bertan segitu nahi nuen. Beste bi urterako sinatu dut.
Taldearentzat zutabe baliotsua bihurtu zara. Hala sentitzen duzu zuk?
Baliteke. Ez dugu gauza askorik komentatu 2025erako, baina klasiketan eta Frantziako egutegian taldeko erreferenteetako bat izango naiz. Ondo hartzen dut hori, erronka bezala. Presionatuta ez naiz sentitzen.
Aurtengo lorpen guztien artetik, zeri ematen diozu garrantzi edo balio handiena?
Vuelta korritzeari. Hor ikusten da zer maila dagoen txirrindularitzan, onenak baitzeuden. Aurrerapausoak horrelako karrerak korrituta ematen dira.
Datorren denboraldian zer izango da gakoa?
Helburu garbi bat UCIren zerrendan lehenengo 30 taldeetan sartzea izango da, Vueltan edo itzuli handiren batean egon nahi badugu. Urtarriletik hasi beharko dugu egurrean, karrera guztiek kontatzen baitute. Puntuak batzen lehenbailehen hastea inportantea da, bestela, aurten bezala larri ibiliko gara; 40en artean sartu beharra genuen, eta justu, baina sartu gara.