Mozorroak soinean amaituko dituzte Ander Deunaren festak
Gaurko danborradan 110 herritarrek parte hartuko dute. Azpiazu, Alberdi eta Jaka omenduko dituzte San Andres egunean. 11 odolki aurkeztuko dira igandean, 37. odolki lehiaketara; tartean, goierritarrak ere bai.
Ormaiztegiarrak prest daude Ander Deunaren jaien bigarren asteburuari heltzeko. Gaurko helduen danborrada, biharko mozorrotuen eguna eta igandeko odolki lehiaketa dira egitarauko osagai nagusienak, baina ez bakarrak. Bihar dute, azaroak 30, jaietako egun handia: San Andres. Aurten, larunbatarekin egokitu da eta mozorrotuen eguneko ohiko ekintzekin batera moldatu behar izan dute egitaraua. Aurten ez da herri kirol saiorik egongo, baina eskertza ekitaldiak ez du hutsik egingo. Lourdes Azpiazu, Mikel Alberdi eta Pedro Jaka izango dira aurtengo omenduak.
Haurrentzako ekintzek irekiko dute jaietako bigarren asteburua gaur, jolas parkea eta poniak izango dituzte goizean zehar eta arratsaldean. Besteren artean, gaurko ekintza nagusiena helduen danborrada izango da. 110 ormaiztegiarrek hartuko dute parte, iaz baino nabarmen gehiagok.
San Andres eguna ekintzaz bete-betea dator aurten. Ohiko eskertza ekitaldia egingo dute 12:30ean eliza atarian. Zumalakarregi museoan 35 urtetik gora lanean daramaten Azpiazu eta Alberdi omenduko dituzte batetik, «lan asko egin dute herriarentzako, baita herria eta bere historia ezagutzera emateko ere», esan dute festen antolatzaileek. Pedro Jakari aitortza iazko jaietarako aurreikusita zegoen arren, ez zen posible izan orduan eta aurten egingo diote merezitako omenaldia herriari emandako guztiagatik.
Mozorroak ere izango dira protagonista bihar, Ormaiztegiko kuadrillek mozorroetarako duten graziaren eta abileziaren adierazle. Azpimarratzekoa da mozorrotuen bazkarian 445 pertsonen parte hartzea.
Zapore oneko amaiera
Igandeko azoka gastronomikoan 15 postu jarriko dituzte askotariko salgaiekin: «Odolkia, ogia, landare jangarriak, gazta, eztia…». Ezkioko Mimogoxok eta Ormaiztegiko Cosmo eta Panpoxek eta Angel Elorza argazkilariak ere postuak jarriko dituzte artisautza azokan.
Gipuzkoako 11 harategik aurkeztutako beste horrenbeste odolki izango dira 37. odolki lehiaketan, goierritarrak ere bai tartean. Ikusteko dago, Beasaingo Olanok aste honetan Ordizian lortutako garaipena Ormaiztegin ere errepikatuko duen edo ez. Odolkien osagaien lehiaketan mutiloarrak aurten ere lehian. Maria Jesus Oriak edo Juanita Murgiondok aurkeztutako porru, tipula, perrexil eta oreganoak sarituko ditu epaimahaiak. Ormaiztegiarrei zuzendutako 22. sukaldaritza lehiaketa ere jokatuko da. 11:00ak arteko epea izango dute parte hartzaileek euren platerak plazan aurkezteko. Baldintza bakarra: osagaien artean Ormaiztegiko odolkirik ez falta izatea.
Jatekoari bultza egiteko, Martin Callejoren omenezko 5. ardo dastaketa ere izango da, 12:00etatik aurrera Zumalakarregiko karpan. Sari banaketa ekitaldia ordu erdi beranduago izango da leku berean.
Ikusi hemen jaietako egitaraua osorik.