Ordizian sortu berria den Altxa Buruak lehen pausoak eman ditu
Pantailak eta mugikor adimentsuen erabilera goiztiarrak eta desegokiak kezkatzen ditu. Hiru kanpaina jarriko dituzte martxan, haurrak eta nerabeak babesteko. Abenduaren 4an eta 11n Telmo Lazkanok hitzaldi bana egingo du.
Altxa Burua ekimena Ordiziara ere iritsi da. Pantailak eta mugikor adimentsuen erabilera goiztiarrek eta desegokiek izan ditzaketen eraginez kezkatuta elkartu dira Jakintza eta Urdaneta ikastetxeetako hainbat guraso, Gipuzkoako eta Goierriko Altxa Burua taldeen babesarekin. Ordizian, pasa den ikasturte amaieran udalak antolatutako Altxa Burua taldeko Miren Rosen hitzaldian sortu zen hazia. «EAE mailan oso saretuta dago. Gipuzkoa taldean gaude eta bailara mailan Altxa Burua Goierri osatzen ari gara. Babes handia ematen du beste herri batzuetan egin dutena ikusteak», dio Ordiziako Altxa Burua taldeko Josune Ormazabalek.
Atzo arratsaldean Barrena jauregiaren atarian egin zuten aurkezpena. «Sentsibilizazioa, hausnarketa eta herri mailan saretzea» dituzte helburu nagusiak. «Saretzeari dagokionean, ikastetxeekin elkartu gara, udalarekin ere bai. Gurasoei ikastetxeen bitartez galdetegi bat bidali eta hausnarketarako kanpaina bat zabaldu diegu. Jaso ditugun erantzunen arabera, kezka orokorra da. Arazo sozial bat izateaz gain, osasun mailako arazo potolo baten aurrean gaude. Azkenean, denon ardura da, gure haurrak eta nerabeak babestea».
Bi hitzaldi
Helburu zehatzagoak ere badituzte: «Prest dauden gurasoekin lanketak egin, bai lehen mugikorraren adina atzeratzeko edo badituztenen artean erabilera egokiak antolatzeko edo definitzeko hautuak adosteko. Ikastetxeei ere pantailei buruz erabilerari buruzko hausnarketara deitzen diegu». Era berean, «osasun zentroarekin elkarlanean, pantailen erabilera desegoki hauek sortzen dituzten kalteak gizarteratu» nahiko lituzkete.
Bestalde, udalak Telmo Lazkanoren Mugikorren auzia, harreman osasuntsu helburu hitzaldiak antolatu ditu, abenduaren 4an eta 11n, 18:00etan, Barrenan. «Hitzaldiaz gain, Maitane Ormazabal ere ikastetxeetako geletan sartutako da lanketa egitera haurrekin».
Hiru ekintza
Ordiziako Altxa Buruak berak, egunotan, hiru ekintza eramango ditu aurrera. «Udalaren babesa lortu dugu kanpainatxo batzuk martxan jartzeko», argitu dute. Batetik, Mugikorrik gabeko arnasgune kartelak jarriko dituzte, ikastetxeetan eta eraikin publiko batzuetan.
Bestetik, Gurea Erabil dezakezu kanpainarekin hasiko dira. «Eraikuntza publikoetan eta saltokietan atean jarriko dira pegatinak. Bai herriko eta bailara mailako haurrek momenturen batean telefonoz deitu beharko balute, pegatina daukaten tokietan erabili ahalko dute telefonoa».
Azkenik, pegatinak eta triptiko informatiboak prestatu dituzte, lau hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz, errumanieraz eta arabiarrez. «Ikastetxeen bidez familietara zabaldu nahi dugu LH3-6ra arte. Guk geuk udalak prestatu dituen sentsibilizazio saioetan ere banatu nahi ditugu».