Rosarito Lasa hil da, Ordiziako ikastolako lehenengo andereñoa
Jakintza ikastolaren sorreratik hasi zen haurrei euskarazko irakaskuntza berritzailea ematen, 1968an. Erretiroa hartu arte, bertako irakasle izan zen.
Rosarito Lasa Irastortza ordiziarra bart hil da, 76 urterekin, gaixotasun batek aspalditik erasanda. Ordiziako Jakintza ikastola abiarazi zuten aurreneko bi irakasleetako bat zen Lasa.
Jakintza ikastolaren sorreratik erretiroa hartu arte izan zen andereño. 1968ko urtarrilaren 8an ireki zuten ikastola, 50 bat ikaslerekin. Lasarekin batera, Mari Karmen Oiarbide hasi zen irakasle. Donostian, Andereñoen Erresidentzian 1967an jaso zuten prestakuntza, garaiko metodo pedagogiko berrietan trebatzeko. Elbira Zipitriarekin ibilitakoek erakutsi zieten.
“Ni, orduan, hizkuntzak ikasten ari nintzen, eta bidenabar frantseseko klaseak ematen nituen. Prestatzen ari nintzen frantseseko titulua Madrilen ateratzeko. Buruan nuen, baita ere, Ingalaterrara joatea ingelesa ikastera. Aita oso abertzalea nuen, eta ikastolako deia jasotakoan, berak animatu ninduen. ‘Frantsesa eta ingelesa ikastea ondo zagon, baina hemen euskara behar dinagu’, esan zidan. Hala hasi nintzen”, azaldu zuen Rosarito Lasak Jakintza ikastolaren 50. urteurrenearen harira 2018an argitaratutako Itzaletik argira, 50 urte dira liburuan.
Guraso talde batek bultzatuta eta Ordiziako euskaltzaleek babestuta, 1965etik ari ziren ikastola sortzeko lanean. Bigarren saiakeran lortu zuten irekitzea. “Ikastolaren proiektua herriak eta herritik sortutakoa izan zen. Zenbat lan egin zuten gurasoek! Arotzak, elektrikariak… galtza bete lan egin zuten, eta hori, tamalez, denborarekin ahaztu egiten dugu”.
Gainerako ikastoletan bezala, zailtasunak izan zituzten euskaraz jarduteko –debekatuta zegoen–. Hala eta guztiz, debekuei eta agintearen mehatxuei ixkin egitea lortu zuten. Eskolak euskara hutsean emateaz gain, metodologia berritzailea txertatzen ere aitzindariak izan ziren. Honela gogoratu zuen Lasak: “Ahalegin berezia egiten genuen sormena lantzen. Txotxekin eta pottokekin lantzen genuen matematika. Hori guztia bizitza errealera hurbilduz, bost urtekoekin denda muntatzen genuen. Beti helburu bat zegoen oinarrian; umeak sagar batekin etortzen baziren atseden orduan jateko, gero mendira joaten ginen sagarrondoa ezagutu eta sagarrak nondik zetozen ikusteko”.
Gau Eskolan euskara erakusten ere aritu ziren Lasa eta Oiarbide andereñoak, helduentzat. “Gaur egungo Pelotazale elkartean euskarazko alfabetatzea ematen hasi ginen Mari Karmen Oiarbide eta biok. Goierri Eskolako zuzendaria etortzen zen, ingeniariak, moja bat ere bai… Denetarik blitzen zen Guerra, eta gaueko ez dakit zer ordutan. Eta gu haiei euskara irakasten, titulurik gabe. Bai ausartak ginela”.