400 milioi euro baino gehiagoko kontratua lortu du CAFek Madrilen
Madrilgo Metrorako 40 unitate diseinatu eta fabrikatuko dituzte.
Metro Madrid operadoreak CAF enpresari esleitu dio Madrilgo metrorako 40 unitate berri hornitzea, 400 milioi eurotik gorako kontratu baten bidez.
CAFek jakinarazi duenez, Metro Madrid operadoreak, material mugikorraren flota berritzeko eta handitzeko dituen planen barruan, aurten lortzen duen bigarren kontratua da honako hau. Izan ere, ekainean galibo zabaleko 40 tren hornitzeko akordioa sinatu zuen.
Galibo estuko 40 trenen diseinua eta fabrikazioa hitzartu dituzte. Ibilgailuek Pinar de Chamartin eta Valdecarros geltokiak lotzen dituen lehenengo linean emango dute zerbitzua, metroak 1919an inauguratu zuen lehen linean, alegia. Hitzarmenak, gainera, flotaren bizitza-zikloa optimizatzeko programa garatzeko eta ezartzeko lanak ere jasotzen ditu.
CAFek hornituko duen unitate bakoitza sei autoz osatuta egongo da, eta etengabeko antolaketarekin diseinatuta egongo dira, trenean zehar autoen arteko komunikaziorako korridoreekin, eta horrek edukiera handia emango die bidaiariak garraiatzeko.
Azken belaunaldiko trenak dira, segurtasunaren, prestazioen, erosotasunaren eta mantentzearen arloko azken aurrerapen teknologikoak dituztenak, eta, aldi berean, eraginkortasun energetiko handiena bermatzen dutenak.
Aipatu, CAFen eta Madrilgo Metroaren arteko harremana aspaldikoa dela; gaur egun hiri inguruko sareko tren-flotako ibilgailu gehienak baitira Beasaingo CAF enpresak hornitutakoak.