Beasain Kirol Sarietarako proposamenak egiteko epea zabalik dago
Abenduaren 10era arte egin daitezke proposamenak. Kirol arloko pertsonei eta erakundeei aitortza egitea da helburua. Abenduaren 26an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Igartza jauregian.
2024 urteko Beasain kirol sarietarako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Beasaingo Udalak. Sari hauen helburua da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonei eta erakundeei aitortza egin eta esker ona adieraztea.
Errekonozimendua nori egin, herritarrek aukeratu ahal izango dute. Proposamenak egiteko, bide desberdinak daude; telefonorako aplikazioaren bidez, Udalaren webgunearen bidez edo Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan dagoen kutxan sartuz. Abenduaren 10an amaituko da epea. Sari emate ekitaldia, abenduaren 26an izango da, Igartza jauregian, 19:00etan hasita.
Sariak bi kategoriatan banatuko dira, urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira: Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria; Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria; Kirol jardunaldiari saria; Erakunde babesleari saria; Sari Nagusia; eta Ohorezko sariak.
Herritarrek lehen lau sari horietarako hautagaiak proposatu behar dituzte. Izangaien proposamenak jaso ondoren, guztiak aztertu eta epaimahaia osatuko da hautagaien merezimenduak baloratzeko eta sarituak aukeratzeko. Epaimahaiak saridun guztiak aukeratu ondoren, hauen artetik erabakiko du zein den 2024ko Sari Nagusia jasoko duena.
Ohorezko udal sariak
Ohorezko saria eta Ohorezko Beasain saria Herritarrak Batzordeak proposatu eta Alkatetzak ebatziko ditu.
Aurtengoa, sariketa honen bederatzigarren edizioa izango da. Beasaingo Udalak, hautagaiak proposatzera animatu ditu herritar guztiak.