Diputatuen bilera Ataunen
Sara etxean egin du Diputazioak Gobernu bilera ibiltaria. Euskararen Egunean, Barandiaranen lan gelan elkartu dira 7 diputatu.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Ataunen egin du Gobernu bilera ibiltaria, gaur goizean. Agintaldi honetan, astearteroko batzarra egiteko hilean behin herrialdeko udalerri batera joaten dira diputatuak. Euskararen Egunari keinu eginez, Joxe Migel Barandiaranen Sara etxea aukeratu dute, gaur.
Gobernu Kontseilua osatzen duten zazpi diputatu izan dira, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, tartean Felix Urkola lazkaotarra (Bide Azpiegiturak), Itziar Agirre urretxuarra (Ogasuna), Ibone Bengoetxea, Xabier Arruti, Jose Ignacio Asensio eta Azahara Dominguez. Barandiaranen lan-gelako mahaian egin dute bilera, 10:00etan hasita. Antropologoaren biblioteka, oroigarriak, diploma eta agiriak, eta objektu ugari daude areto horretan, Barandiaran 1889ko abenduaren 31n hil zenez geroztik bere horretan mantenduak.
Aurretik, Ataungo Udaleko ordezkariekin bilera bat egin dute. Herriko proiektuak, beharrak eta iritziak trukatu dituzte Mendoza eta Urkola diputatuek Martin Aramendi alkatearekin. Gobernu bilera bukatutakoan, eta hedabideekikoak egin ondoren, San Gregorio auzora joan dira, Barandiaran Museoa bisitatzera.
Euskararen adierazpena
Zortzigarren bilera ibiltaria egin du Gobernu Kontseiluak kanpoan, «Gipuzkoa Plazatik Gipuzkoako plazetara» zabaltzeko ekimenean. Aurrez, Zumarraga eta Legazpi ere bisitatu dituzte, Goierrin. Euskararen aldeko Diputazioaren adierazpen instituzionala onartu dute kontseiluan.
Ataungo alkate Martin Aramendik adierazpenetan esan duenez, garrantzitsua da Gipuzkoako Foru Aldundia herritara joatea, halako ekimenekin. “Udala da herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea, baina aldundia ere ez da urruneko erakundea, eta keinu polita iruditzen zait, herritarrengandik ahalik eta hurbilen egon behar dugulako herri erakundeok. Guri balio izan digu gure proiektuak, erronkak, ezinak edo buruhausteak beraiei helarazteko. Elkarlanerako prest gaude, gurea bezalako herri txikiek nahitaezkoa dutelako elkarlana eta udalaz gaindiko erakundeen laguntza, proiektu horiek aurrera ateratzeko”.
Euskararen Eguna, jaieguna izan dute Ataungo Udalean, baina “gustura” egin diete harrera diputatuei Sara etxean, “euskarari, euskal kulturari eta euskal nortasunari ekarpen handia egin zion gizon handi baten etxean”.
Eider Mendozak argitu du, Kontseilu bileran bertan onartu duela Diputazioak Euskararen aldeko adierazpen instituzionala. “Euskararen Eguna delako etorri da Gobernu Kontseilua gaur Ataunera, Jose Migel Barandiaranek sekulako ekarpena egin ziolako euskal kulturari eta hizkuntzari. 75 urte bete dira Euskararen Eguna ospatzen dela. Garai hartan, Eusko Ikaskuntzaren babespean egin zen, ez zegoen erakundeen babesik. Gauzak asko aldatu dira geroztik, baina haiek eduki zuten bisioari eutsi diogu”.
Euskararen erronken artean, batzuk aipatu ditu Mendozak. “Gipuzkoar berrien integraziorako, haientzako ezinbestekoa da euskara. Aldi berean, guk ere euskarari eutsi beharra daukagu, gal ez dadin. Apustu hori egin beharra daukagu. Bestelako erronka batzuk ere baditugu: gailu eta leku batzuk badaude, non euskarak presentzia eduki behar duen, Adimen Artifiziala besteak beste. Hirugarren erronka bezala, erabilera da. Ezagutza gora doan heinean, erabilera ez doa neurri berean. Hortaz, garai hartako eta gaur eguneko bisioa eta militantzia ezinbestekoak dira euskarari eusteko”.
Ataunera “oso pozik” etorri direla gehitu du Mendozak, eta eskerrak eman dizkio udalari Sara etxea ezagutzeko aukera eman dietelako. “Aita Barandiaranen espazioan egotea opari izugarria izan da”. Barandiaran Fundazioaren patronatuko lehendakari Abel Ariznabarretak egin die harrera. Elkarlanaren goraipamena egin du Mendozak: “Alkateak esaten zuen beren erakundea txikia dela, bada gurea ere txikia da mundu zabal honetan. Ezinbestekoa dugu erakunde guztiok eskuak hartuta, elkarlanean esku artean ditugun proiektuak aurrera eramateko. Bide hori da jarraitu duena Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteetan. Legealdi hasieran esan genuen, Gipuzkoa Plazatik Gipuzkoako plazetara pasatuko ginela, eta horretan dihardugu denok, ilusio betez.