Iritsi da Eguberria Idiazabalera
Idiazabalgo Udalak Eguberrietako kultur egitaraua prest du, hamaika ikuskizun eta ekitaldirekin. ‘Amaraun’ ikuskizuna eta Ruper Ordorikaren kontzertua, nabarmentzekoak.
Abendua estreinatzearekin batera, Idiazabalgo Udalak prest du aurten ere, Eguberrietako egitaraua. Musika, bertsoak, askotariko ikuskizunak eta azokak eta Gabon garaiko urteroko ekintzak osatzen dute aurtengo egitarau zabal bezain oparoa. Nabarmentzekoen arten bi ekitaldi; batetik, Amaraun bertso eta dantza ikuskizuna; eta bestetik, Ruper Ordorikaren (Oñati, 1956) kontzertua.
Ostegunean emango diote hasiera Eguberrietako egitarauari Goierriko bertsolarien saioarekin. Aratz Igartzabal, June Aiestaran, Iban Urdangarin, Aitor Sarriegi, Oihana Iguaran eta Eneko Araiztegi igoko dira Guraso elkarteko oholtza gainera, 18:30ean. Euskararen egunaren harira, Ibon RG eta Garazi Navasek ikuskizun berezia eskainiko dute ostiral iluntzean Gurutzerako baselizan. Ikuskizunak Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae liburua du oinarrian. Kontzertua grabatu egingo da, ondoren, disko batean argitaratzeko. Bi ikuskizunak doakoak izango dira.
Sarrerak agortzeko bidean
Hurrengo hitzordu nagusia abenduaren 15arekin etorriko da, orduan egingo baitute Gabonetako Alaken azoka. Iaz bezala, Igarondo pilotalekuan egingo da aurten ere azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Bigarren eskuko askotariko produktuez gain, idiazabaldarrek artisau eran egindako produktuak ere jarriko dituzte salgai. Parte hartzeko izen ematea oraindik zabalik dago udaletxean.
Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak amatasunaren inguruan sortutako Amaraun ikuskizunak Idiazabalen itxiko du emanaldien egutegia, abenduaren 20an. Ikuskizunak ibilbide luzea egin du orain arte eta Idiazabalgoa izango da, momentuz, azken saioa. Sarrerak dagoeneko salgai daude 5 euroan liburutegian eta tickets.kutxabank.es web gunean.
Bestalde, Ruper Ordorikak aurten kaleratu berri duen Bakarka bi izeneko diskoa aurkeztuko du abenduaren 27an Guraso elkartean egingo duen kontzertu intimoan. Lehenengo aldia du abeslari oñatiarrak Idiazabalen, eta Goierrin ere aspaldi ez da zuzenean entzuteko aukerarik izan. Sarrerak 8 euroan daude salgai liburutegian. Bi ikuskizunetarako sarreren salmenta «ona» izan da lehen egunetan eta agortzeko bidean daude jada.
Kantu bazkaria, Arretxen
Tartean, badira bestelako ekintzak ere. Abenduaren 14an esaterako, kantu bazkaria dago Arretxe elkartean. Bazkarirako txartelak —30 euro— dagoeneko salgai daude Batzokin eta Odei tabernan. Abenduaren 15ean, mendi irteera eta 19an, Olentzeroren zaku magikoa ikuskizuna, 17:00etan Zelaan.
Ikusi egitaraua osorik hemen.