Plasnor, 50 urte plastikogintzan
Nork ez ditu ezagutu haurrentzako plastikozko motoak, koloreetakoak? Garai batean milaka egin zituzten Legazpin, Plasnor enpresan. Plastikogintzan 50 urteko ibilbidea du, eta jostailuen sektoreaz gain, etxetresna elektrikoena, automobilena eta sukalde altzarien negozioa jorratu ditu.
Ospakizun urtea da aurten Legazpiko Plasnor enpresarentzat, plastikoaren alorrean lan egiten 50 urte osasuntsu bete dituelako. 1974an sortu zen, eta bide luze honetan, hainbat sektoretarako lan egindakoa da Motxorron egoitza duen lantegiak. Gaur, internazionalizazioan fokua jarrita, etorkizunari baikor begira dago.
Mende erdiaren ospakizuna urte osora zabaldu du Plasnorrek, baina bi ekitaldi nabarmendu dira. Uztailean, gaurko langileak eta enpresan lan egindakoak bazkari batean elkartu ziren Zumarragako Etxeberri jatetxean. Eta orain gutxi, ate irekien jardunaldiak egin dituzte lantegian, langileak eta familiak gonbitatuta, instalakuntzak eta jarduera erakusteko.
Hozkailua eta jostailuak
Plasnor enpresaren sorrera lotuta dago Legazpin bertan zegoen Plasticos Mel enpresarekin. Mel lantegian plastikoa lantzen zuten transformazio prozesu desberdinak erabiliz, eta han lanean ari ziren langile batzuk sortu zuten Plasnor 1974an. Garai hartan beste enpresa batzuk ere sortu ziren plastikoaren alorrean, Irungo Alai, adibidez.
Legazpiko plastiko lantegi berria etxetresna elektrikoen sektorerako hasi zen lanean. Besteak beste Fagor, Zanussi, Electrolux, Superser eta penintsula iparraldean kokatzen ziren beste marka batzuk zituen bezeroen artean. Bereziki hozkailuen barruko eta ateetako barne hornidurak ekoitzi zituen urte luzeetan, eta enpresaren salmenten %80 suposatu zuen atal horrek.
Bezero horiek hazi egin ziren 1980ko hamarkadan sartzearekin batera, eta ekoizpen prozesu berriak barneratu zituzten tailerretan. Horren ondorioz, Legazpiko lantegiak estrategia aldatu eta produktuen dibertsifikazioaren alde egin zuen.
Horrela jarri zen penintsularen ekialdean kokatzen hasita zegoen jostailu industriari begira, eta besteak beste Injusa, Feber eta Famosa etxeentzako lan egin zuen. Lehenik, estrusio teknika bidez xaflak ekoizten zituen, eta gero, termokonformatuaren prozesuarekin, molde baten bitartez, bezeroak eskatutako forma ematen zien xaflei, pieza desberdinak sortzeko. Garai hartan egin zituen Plasnorrek haurrentzako plastikozko motoak, kolore desberdinetakoak, milaka gainera.
Inbertsio handiko garaiak
Hamarkada horrek, 1980koak, aldaketa esanguratsuak ekarri zituen lantegian. Besteak beste, Masterbatch izeneko produktua ekoiztea erabaki zuen. Plastikoei kolorea eta beste propietate batzuk ematen dizkion produktua da hori. Horren ondorioz, enpresak arintasuna irabazi zuen eskaintzen zituen zerbitzuetan eta, aldi berean, produktu berri hori komertzializatzen hasi zen, beste plastiko transformazio prozesuetarako salduz, hala nola, injekziorako edo puzte moldaketarako.
Tailerra ere handitu zuen, eta 40 metro luze inguruko estrusio makina berri bat erosi eta instalatu zuen. Inbertsio horiei esker, Frantziako merkatua jorratzen hasi zen, bere produktua beste enpresa termokonformatzaileei eta publizitate eta osasun alorreko industriei eskainiz.
Aurrerago, 1990eko hamarkada iristear zegoela, etxetresna elektrokoekin merkatua jaitsi egin zen, aukera merkeagoak topatzen hasi zirelako Txina bezalako herrialdetan.
Ordurako, Ormaiztegiko Irizar eta Getariako Indaux bezero historikoekin harremanetan hasia zegoen, eta horiei zerbitzua emateko estrategia buruan izanik, inbertsio berriak egin zituzten, tamaina handiko pieza termokonformatuak ekoizteko makina handiak erosita, bereziki.
Inbertsio horiei eta produktua lantzeko ezagupenari esker, Legazpiko enpresak automobilgintzaren industrian hornitzaile homologatu gisa sartzea lortu zuen aurreko mende bukaeran. Mercedes Benz eta Fagor Ederlan izan ziren aurreneko urratsak.
Internazionalizaioa
Mende berriaren hasiera Plasnorrentzako mugarri garrantzitsua izan zen, sukaldeko altzarietarako produktu bat ekoizten hasi zelako. Azpeitiko Grumal enpresaren eskutik iritsi zitzaion aukera hori, eta altzarien ateak estaltzeko xaflak ziren produktu berria. Bi urte behar izan ziren produktua bera eta ekoizpena erabat menderatu arte, baina ate berriak irekitzea lortu zuen horrekin, bereziki atzerrian, eta Turkian zehazki.
Sukaldeko altzarietarako plastikozko xaflaren ekoizpenak negozioaren dibertsifikazioa ekarri zion enpresa legazpiarrari, eta internazionalizazioaren bidea jorratzen hasi zen aldi berean. Horrela, sukalde negozioan mundu osoa bihurtu zen Plasnorren merkatu, eta merkatu zabal horren barruan, bitxia badirudi ere, gaur egun Vietnam da bezero garrantzitsuena, estrategia komun bat landu eta gero.
Sukaldeko altzarietarako xaflenarekin batera, beste negozio batzuk ere internazionalizatu zituzten, eta osasun industrian, adibidez, Polonian hainbat bezero dituzte legazpiarrek.
Nazioartekotzearen ondorioz, Plasnor feria handietara joaten hasi zen –Paris, Bilbo, Madrid, Hannover, Dusseldorf edo Coloniakora–, baina baita urrutiagoko beste feria batzuetara ere: Delhi, Bombai, Atlanta, esaterako. Horri esker, Danimarkako Vestas edo Israeleko Gencell bezalako bezero berri eta handiak lortu zituen.
Azkenik, 2010eko hamarkadan termokonformatuaren alorra hazi egin zuen, eta merkatu berriak lantzen hasi zen. Horrela, autokarabana ekoizleak autogintza sektoreko bezero berri bihurtu ziren.
Enpresaren bilakaera sendo honi esker, 2018. urtean ia 14 milioitako fakturazio izan zuen.
IRUDIAK: 50. urteurrena ospatzeko lantegian egindako ate irekien jardunaldiak.
Gaurko Plasnor 60 langile inguruk osatzen dute, eta salmenten % 50-60 atzerrian egiten ditu: Vietnam, Egipto, Puerto Rico, Panama, Miami, Singapur, India, Polonia… Hiru negozio ditu, betiko ekoizpen prozesuak diren estrusioan eta termokonformatuan oinarrituta: automobilgintza, sukalde altzairuak eta xaflagintza.
Indar handia du plastikoaren sektorean, eta urteetako lanari esker, Renault, Nissan, Stellantis, BMW eta Mercedes bezalako automobil ekoizleen hornitzaile homologatua da, baita autoentzako osagaiak egiten dituzten Fagor Ederlan, BOSCH, Valeo, Benteler, Gestamp, SKF, Antolin, Nemak… enpresena ere.
Enpresaren estrategia erregulartasunean, profesionaltasunean eta fidagarritasunean oinarritzen da, eta fokua berrikuntzan, jasangarritasunean eta digitalizazioan du jarrita.
Etorkizunari begira, erreferente izaten jarraitu nahi du, datozen 50 urteetan enplegua eta aberastasuna sortuz, eta enpresaren bihotza eta motorra direla argi izanda, pertsonak erdigunean jarrita. Hori guztia, merkatuari begirik kendu gabe, merkatua baita enpresa eraldatuko duena, bere beharretara egokituz produktuak, prozesuak eta estrategiak.