24,4 milioi euroko aurrekontua proposatuko du udal gobernuak
Iaz baino %9 gehiago izango da, inoizko altuena izango delarik. Aurrekontu proposamenak «Beasaindarren lehentasunei erantzuten» diola dio EAJk.
Beasaingo Udalbatzak, 2025 urterako udal gobernuak egin duen aurrekontu proposamena eztabaidatu eta bozkatuko du ostegun arratsaldean, 18:00etan hasita egingo denosoko bilkuran. Ia 24,4 milioi euroko aurrekontu proposamena da mahai gainean jarriko dutena, iazkoa baino %9 gehiago.
Leire Artola alkateak nabarmendu du «herritarren beharrei erantzungo dieten egitasmoak gauzatzeko eta udalerria etorkizunera begira egituratzeko helburuarekin, herritarren ongizate integralean eragiten jarraituko duten aurrekontu proposamena» dela gaurko osoko bilkurara eramango dutena. «Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea eta espazio publikoak pertsonen beharretara egokitzea da udal gobernuaren lehentasuna. Jasangarritasuna arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean sustatuz, eguneroko kudeaketa zuhurtziaz eta zorroztasunez eramanez, aurreikusitako proiektuak gauzatu ahal izatea da helburua», alkatearen hitzetan.
Etxebizitza eta enplegua
Etxebizitza eta enplegua aurkitzen dira udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren lehentasunen artean. Gazteen emantzipazioa sustatzeko helburuarekin, Ugartemendin alokairu sozialera bideratzeko 90 etxebizitza egiteko lehen urratsak ematea aurreikusi dute. Gainera, 35 urte arteko herritarrei etxebizitzaren alokairuan laguntzeko diru-laguntzek jarraipena izango dute. Beasaingo etxebizitzaren diagnostiko eta planaren azterketa ere egingo dute aurrera begirako neurriak erabakitzeko.
Enplegu arloan, lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko programak bideratzeko diru-lerroak zuzenduko ditu udalak, Goiekiren eta Goierri Eskolaren bitartekaritzarekin. Lan merkatuaren beharrak aztertuko dituzte lanpostuak betetzeko, eta merkatarien belaunaldiarteko erreleboa sustatzeko ikastaroak antolatuko dituzte. Ekintzailetza sustatzea ere bada udal gobernuaren helburuetako bat, bide horretan diru-laguntzak bideratuz.
Ongizatea
Herritarren buru osasunaren zaintzaren alde egitea eta nahi ez den bakardadeari aurre egitea izango dira beste helburuetako batzuk. Ongizate saileko zerbitzu eta programak indartzea aurreikusten dute bide horretan.
Euskara, zerbitzuak, kultura
Gaztetxoei zuzenduta, Oriamendi kalean Gaztegune berria irekitzea aurreikusten du udal gobernuaren aurrekontu proposamenak. Gaztetxoentzako topagune honek euskararen indargune izatea ere du helburu.
Hizkuntza politikekin jarraituz, euskararen sustapena lehentasunezko ardatz izaten jarraituko du, eta gazteengan jarriko dute fokua bereziki, Gaztelaniaren abantailak izeneko egitasmoaren jarraipenarekin, edota ahozkotasuna lantzeko egitasmo desberdinak martxan jarriz, bertso elkartearekin esaterako.
Kultur arloan, bi proiektu nabarmentzen dira: Musika Eskolaren eraberritzea eta Bonberia kultur-guneko obrak 2025ean hastea.
Andre Mari Zeruratuaren parrokiako erretaula zein margo errenazentista berreskuratzeko diru partida jarriko dute.
Espazio publikoa
Espazio publikoak hobetzearen aldeko apustua ere egingo da. Olaran Talentu Faktoriaren inguruko espazio publikoaren erabilera definitzeko parte hartze prozesua jarriko dute martxan.
Barrendain plaza Kale Lagun ekimenaren barruan birgaituko da, bakardadeari aurre egiteko berariaz diseinatutako gunea bilakatuz. Aldi berean, Senpere kaleko horma-irudi batek belaunaldien arteko harremanak eta mugikortasun iraunkorra bezalako balioak sustatuko ditu.
Irisgarritasunari dagokionez, igogailuak eta arrapalak puntu estrategikoetan ezartzea aztertuko da. Garin landa-auzoko argiak eta zoladura ere berrituko dira.
Ingurumena
LED argiztapen-sistemetarako trantsizioak eta landa-mugen digitalizazioak aurrera jarraituko dute. Berrikuntzen artean, ibilgailu elektrikoekin CarSharing zerbitzu pilotu bat jarriko da martxan, Gernika pasealekuko aparkalekuan. Gainera, zuhaitz autoktonoak landatuko dira eta itzalguneak sortuko dira Joan Iturralde eta Igartza Oleta kaleko plazetan.