Lazkaok 10,1 milioi euroko udal aurrekontua izango du 2025ean
Aurtendik %9,5 igoko da. Legealdiko plana garatzen segiko du. Inbertsio ahalmena 1,7 milioikoa da. Gizarte gastua %22 igoko da.
Lazkaoko Udalbatzak lehengo ostegunean onartu zuen 2025erako udal aurrekontua. Lazkaoko Udalak 10.125.453 euro izango ditu, aurtengo aurrekontua baino %9,5 handiagoa. UFFF foru finantzazio funtsaren igoerak ahalbidetuko du hazkunde hori. EAJren aldeko 7 botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin –sei zinegotzitik lau zeuden bilkuran– atera dira aurrera.
Aurrekontuak beharrei aurre egiteko «solidarioak eta aurrerakoiak» direla esan zuen udalbatzarrean Kepa Zubiarrain alkateak. «Herritarren beharrei erantzuteko eta Lazkao eraikitzeko, legealdi planeko inbertsioak garatzen jarraituko dute. «Ezin dugu geldialdirik izan, aurrera egitea ezinbestekoa da». Gastu orokorra «oro har» mantenduko dela iragarri du alkateak, baina Gizarte Zerbitzuetan gastua %22 igoko dela nabarmendu du. Etxez etxeko zerbitzuan, «bereziki» langileen baldintzak hobetuko dira, eta herritar zaurgarrienentzat laguntzak igoko dira.
Inbertsiotarako 1.693.450 euro izango dira, Eneritz Miranda zinegotziak zehaztu zuenez, aurten baino %36 gehiago. Aurrekontu parte-hartzaileetan lehenetsitako bost proiektuak garatuko dira (200.000 euro), jolas parke bat estaliko da (420.000 euro), Aresoko urbanizazioa berritu (110.000), Hirigoien kaleko lokal batzuk erosi (190.000), meandroa egokitu (40.000), HAPO idatzi (120.000), Iturrialdeko jolas parkea hobetu (80.000), eta kiroldegia handitzeko 5.1 faseari ekingo zaio (350.000).
Lazkao Lantzen udal enpresak, bere aldetik, 215.000 euroko inbertsio gastua izango du.
EH Bildu, abstentziora
EAJko udal gobernu taldeak nabarmendu duenez, EH Bilduk aurretiko lau batzorde-bileretan egindako lau proposamen onartu eta aurrekontuan txertatu dituzte: herri baratze gehiago (10.000), harrera plana (15.000), zaintza plana (18.000) eta etxebizitzaren diagnostikoa (18.000). Oposizioaren baiezkoa espero zuela iradoki arren, abstentziora joan zuen EH Bilduk. Kiroldegiko handitze lanetan 350.000 euroko gainkostua –kreditu aldaketa modura, aurrez beste puntu batean landu zen– jarri zuen baiezkoa ez ematearen arrazoitzat Joxemai Ormazabal bozeramaileak. «Proposamen gehienekin bat egiten dugu, baina kiroldegian gainkostuengatik 350.000 euro azken unean aurkeztea ez dugu onartzen, ez dugu horrekin bat egiten». Modu desegokiak leporatu zizkion udal gobernu taldeari.
Jokabide hori «ulergaitza», «itxurakeria» eta «eduki faltaren ondorioa» dela erantzun zion EAJk. «Zuen intentzioa ez da adostasunera iristea». Eztabaida piztu zen bi taldeen artean; gainkostuarena kenduz gero, baiezkoa «oraintxe bertan» zeukatela erantzun zuten EH Bildukoek, «lapurreta» eta «txapuza» dela gehituta. Kiroldegiko obra handia dela, «ezustekoak» sortu egiten direla, eta txosten teknikoen arabera hartutako gainkostuak direla azaldu zuen alkateak.
Kiroldegiko ziurtagiriekin edo kostuekin zerikusia zeukaten beste hiru puntuetan ere abstenitu egin zen EH Bildu. Bestetik, lanpostu aldaketa batzuk ere onartu zituzten, aho batez: gizarte langile lanpostu bat lanaldi osoan, liburutegikoari funtzioak aldatu eta harrerako eta diru bilketako administrariarena erdira gehitu, eta Gizarte Zerbitzuen koordinatzailearen funtzioak eguneratzea.
Ika-mika liskartsua piztu zuen azken eraso matxisten inguruko kudeaketak ere udalbatzarrean. Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da, Lazkaoko kirol arloan azken boladan gertatu eta salatu diren kasuetan. EAJk azken unean presazko puntu bezala sartu zuen bilkuran gai hori, hasieran hori zilegiztatzeko dagokion bozketa eginda; EH Bilduk ez zuen presazkotasun hori onartu, eta aurka bozkatu zuen, biharamunean ezohiko osoko bilkura egiteko prestasuna erakutsita. Ondoren, puntua bera aho batez onartu zuten denek.
Alkateak azaldu zuen Tolosako Auzitegitik azaroaren 18an jaso zituztela eraso matxisten salaketen lehen berriak. «Gertakari guztiak argitzea zuzenean eskatzeko, eraso matxista honetan garrantzizkoa da udala presente egotea». Abokatu eta prokuratzaile bat kontratatuko ditu udalak, eta plenoan bertan eman zitzaion argi berdea.
Ekimen judizial horrekin bat egin dute bi taldeek. Hala ere, oposizioarekin «aurrez komentatzea ahaztu» izana leporatu dio EH Bilduk EAJren gobernu taldeari. Udalaren izenean adierazpen bat egin behar denean ere, batzordeak edo udalbatzan aurkezteko eskatu zion. Elkarrizketarako borondate falta egotzi zion.
Eraso matxistak «kirol arloan» gertatu direla eta, halakoak eragozteko esparru horretan zer edo zer egiteko asmoa badagoela gehitu zuen alkateak oposizioaren galderari erantzunda, taldeekin bildu eta «denak lerrokatuta». Elkarteekin sinatzen diren hitzarmenetan atal hori «sakondu eta sendotu» egingo da, «epe motzera». Bestetik, egoera horiek «nola kudeatu berrikusi» beharko da.