Legazpin atzo eta Seguran bihar aterako da San Nikolas gotzain txikia kalera
Legazpin eta Seguran bakarrik mantentzen dituzte errondak. Legazpin atzo iluntzean atera zen San Nikolas txikia kalejiran. Segurakoa da Goierriko zaharrena, 150 urte baino gehiago ditu.
Abendua estreinatzearekin batera, San Nikolas gotzain txikiak Goierrin geldialdia egiten du urtero. Tradizioak dioenez, Gabonak iragartzeko misioa du San Nikolas Txikiak. Kaleetan errondak egiten dituzte gotzain txikiari lagunduz, festa giroan koplak abestuz. Goierrin Legazpin eta Seguran bakarrik mantentzen dute ohitura hau. Zegaman ere, orain gutxira arte, egin izan dute San Nikolas Txikiaren erronda, baina iaz antolatzeari utzi zion Aitxuri herri eskolak eta «galdutzat» eman dute han errondaren tradizioa.
Legazpiarrak izan ohi dira goiztiarrenak. Aurten ere, atzo iluntzean atera ziren herritarrak errondan, San Nikolas Txikiari lagunduz.
Goierriko zaharrena
Seguran, San Nikolas Barikoaren egunean —bihar— aterako da San Nikolas txikia kalera. Goierrin egiten diren guztien artean urtetsuena da, 150 urte baino gehiago baitaramate abenduaren 6 bakoitzean usadioa errepikatzen. 10:00etan ekingo diote errondari Arboladitik irtenda. Laiotz herri eskolako Unai Sanchez sartuko da aurten gotzain txikiaren paperean eta pottoka gainean ibiliko da etxez etxe, herritarrak lagun, goizean zehar. Ohiturari jarraituz, koplak abestuko dituzte leihoetatik eta balkoietatik botatako gozokiak biltzen dituzten bitartean.
Segurako Udalak, bere aldetik, Nikolas Txikiak banatuko ditu ekitaldiaren amaieran parte hartzaile guztien artean. 2006an sortu zuten gozo hau, Seguraren 750. urteurrenaren harira. Bihar salgai izango dira Elorripeko okindegian eta Ardixaharran. Errondak dirauen bitartean, —10:00etatik 12:00etara— autobusak geldialdi bakarra egingo du Madalenan.