Bulego taldearen 'Gure bihotzaren taupadak', Euskaraldiaren abestia
Durangoko Azokan aurkeztu dute kanta Euskaraldiko ordezkariek eta Bulego taldeko kideek. 'Esatetik egiterako' pausoa emateko deia egiten du abestiak, eta jendea ekintzara bultzatzea du helburu.
Durangoko Azokako Talaia areto nagusian aurkeztu dute Euskaraldiaren laugarren edizioaren kanta. Gure Bihotzaren Taupadak izenburupean, Euskaraldiaren izaera anitzarekin bat egiten duen kanta sortu dute, “edonork entzuteko moduko abesti herrikoia”. Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok, eta Bulego taldeko Tomas Lizarazuk, Xabi Arrietak eta Ruben Lizarraldek hartu dute parte ekitaldian, eta kantarekin batera bideoklipa ere erakutsi dute, lehenengoz.
Tomas Lizarazu taldeko abeslariak eman du kantaren eta prozesuaren berri, eta azpimarratu du Bulego sortu zenetik euskararekiko izan duten harreman estua, izan ere, “euskara hutsean sortzen eta abesten duen proiektu bat izanik, gure nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat da hizkuntza bera”. Euskal Herrian jarduteaz gain, atzerrian ere euskaraz abestuta bidea egitea posible dela erakutsi dute eta kanporako joera honek euskararen garrantzia berretsi du taldearengan. “Uste guztien kontra ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigu”, dio Lizarazuk.
Lizarazuren hitzetan pixkanaka euskara Bulegoren nortasunean errotzen joan da eta ondorioz, Euskaraldiko kideak taldearekin harremanetan jarri zirenean ez zutela “bi aldiz pentsatu beharrik izan baiezkoa emateko” gaineratu du. “Euskaraldiarekin bat eginez eta abestia sortuz guri hainbeste eman digun hizkuntza bati bueltan zerbait ematera gindoazela sentitzen genuen”. Jendartean izan dezaketen eragina euskararen alde baliatzea euren ardura ere badela esan dute.
Sortze prozesua
Abestiaren sorkuntzak lanketa handia eskatu diela aitortu dute, “elkarrizketa eta irakurketa asko egin ditugu Euskaraldiaren bueltan”, ariketaren mezu eta helburuekin bat egiten zuen lan bat egin nahi zutelako, eta euskararen egoera hobetzeko bidean abesti honek ekarpen bat egitea nahi zutelako.
«Nork bere esparruan euskararekiko dituen jarrerek eta ekintzek euskararen egoera orokorra aldatu dezakete»
Tomas Lizarazu. Bulegoko taldeko abeslaria
Musikari dagokionez, Euskaraldiaren izaera anitzarekin bat egiteko asmoz, edonork entzuteko moduko abesti herrikoi bat sortzea izan da helburuetako bat. Hitzek, berriz, “esatetik egitera” salto egiteko deia egiten dute, abestiaren bitartez “jendea ekintzara bultzatzeko asmoarekin” osatu dutela esan du Bulegoko kideak. Izan ere, “nork bere alea jarrita, pauso txikiak emanez aldaketa handiak sortu ditzakegu gure inguruan. Ez daukagu aldaketa handiak kanpotik etortzearen zain egon beharrik. Nork bere esparruan euskararekiko dituen jarrerek eta ekintzek euskararen egoera orokorra aldatu dezakete”, Lizarazuren hitzetan.
Kanta Zestoako Gaztain estudiotan grabatu zen, eta bideoklipa Cosmictree ekoiztetxeak egin du, Mey Monteroren zuzendaritzapean.
Batzorkideen ahotsak ere bai
Abestiaren erdialdetik aurrera Lizarazuren ahotsaz gain Euskaraldiko hainbat batzordekideen ahotsak batzen dira, koruak eginez; “oso momentu ederra izan da estudioan Euskaltzaleen Topaguneko eta Euskaraldiko kideak abestian beraien alea jartzen ikustea” esan du taldekideak.
Euskara hizkuntza gutxitua izanik, edozein arlotan bultzada ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du Lizarazuk. “Eta, tamalez, ez da nahikoa ekimenekin, hortik harago ere gauza asko daude egiteko: erreferenteak sortu behar dira, jendartean kontzientzia sortu, egunerokoan bultzatu behar dugu norbanako bezala ekintza txikiekin eta nork bere ahalmenetik euskararen alde egiteko”, gaineratu du.
«Udaberriko pozaren bidelagun izango dugu kanta hau. Kanta izango da Euskaraldiaren soinu banda: ikastetxeetan, jaietan, aurkezpenetan entzungo dena»
Goiatz Urkijo. Euskaraldiaren koordinatzailea
Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak, bere aldetik, Bulego taldearen prestutasuna eta ekimenari hasieratik egindako harrera nabarmendu ditu: “Guk sentitu dugu Bulegok eta Euskaraldiak hasieratik egin dutela bat. Gozamena izan da eurekin lan egitea; eta oso kantu polita egin dute gainera”. Eskerrak eman dizkie hasiera-hasieratik Euskaraldiaren “esentzia” jasotzeagatik eta horretarako izan duten prestutasunagatik.
Gainera, gaurtik hasita, herrietan sortzen ari garen mugimendua biderkatzen joateko abestia “aitzakia ederra” izango dela esan du, herrietan biltzeko eta batzorde sendoak sortzeko. “Udaberriko pozaren bidelagun izango dugu kanta hau. Kanta izango da Euskaraldiaren soinu banda: ikastetxeetan, jaietan, aurkezpenetan entzungo dena. Izan ere, Euskaraldian ere egon behar du gozatzeko eta euskaraz dantza egiteko tartea!” aldarrikatu du Urkijok.
Izen-emateak martxan
Euskaraldiko koordinazioko kideek gogorarazi dute herrien izen ematea irekita dagoela, Euskaraldia euren herrietan antolatu nahi dutenek izena eman dezaten eta baliabideak jaso ditzaten. Eta, gainera, Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ere izena emateko aukera dute jada Euskaraldiko webgunean: www.euskaraldia.eus. Belarriprest eta ahobizien txanda, berriz, martxoan izango da.