Carrefour saltokiei "boikota" egitera deitu dituzte herritarrak
"Supermerkatu kate honek Israelgo armadarekin duen konplizitatea" salatu dute gaur Olaberriako saltokian egin duten elkarretaratzean.
Carrefour saltokiaren atarian, Olaberrian, elkarretaratzea egin dute gaur, Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko, BDZ mugimenduak deituta. Gabonetan ez eseri sionistarik zure mahaian lelopean elkartu dira protesta egitera, horrela, supermerkatu horretan erosketa egiten ari ziren ehunka pertsona “boikota” egitera deitu dituzte. Israel hiltzaile, Carrefour laguntzaile mezua zuen pankartarekin elkartu dira bertan. “Supermerkatu kate honek Israelgo armadarekin duen konplizitatea ezaguna da; soldaduei laguntza ematen die, jatekoak doanik emanda. Hori horrela, Carrefourrek Euskal Herrian lortzen dituen irabaziak, palestinar herriaren zapalkuntzarako bideratzen dira. Uste dugu, Carrefour supermerkatuetara inguratu diren erosleek jakin behar dutela euren erosketekin sortzen diren irabaziekin, palestinarren odola sortzen dutela”. Bilbon, Oiartzunen, Gasteizen, eta Olaberrian egin dituzte mobilizazioak Euskal Herri mailan.
BDZ mundu mailako mugimendua da: “Mundu mailan boikotak, zigorrak eta desinbertsioak beharrezkoak dira, palestinar lurretan negozioa egiten duten enpresen aurka. Carrefourrekin batera, McDonals, Burger King, Pizza Hut, HP ordenagailuak, Siemens produktuak, Goierrin CAF enpresa,… palestinarren bizitzarekin negozioa egiteari uko egin diezaietela eskatzen diegu”. Mobilizazioei esker “bidea urratzen ari gara”.
Herritarrei zabaldu nahi dieten mezua da, “palestinarren kontrako sarraskia laguntzen duten marka haiei boikota egin diezaietela. Berdin kostatzen zaigu Carrefourrera etortzea edo beste saltoki batera joatea. Herriko azokak eta saltokiak ere hor daude, haien aldeko aukera egin dezatela eskatu nahi diegu herritar denei, eta noski, erosketa kontzientea egin dezatela, hau da, produktu bat erosterako garaian, jatorriari erreparatu diezaietela eta Israeldik datozen produktuak ez ditzatela erosi, sarraskiaren konplizeei indarrik ez emateko”.