Iztueta baserriko egunerokoa ezagutzeko bisitan izan dira hamarnaka lagun
Iztueta Baserriko abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria bertatik bertara ikusi ahal izan dute bertaratu direnek, baita bertan ekoizten diren produktua dastatu ere.
Baserri bat ezagutzeak gero eta interes handiagoa pizten du eta horren erakusgarri da Lazkaoko Iztuetara gaur goizean egindako bisita gidatuan parte hartu duten familien kopurua. 30 lagunetik gora izan dira. Bisitan parte hartu duten haur eta helduek, esneki hauen ekoizpenaren atzean dagoen filosofia ezagutu ahal izan dute lehen eskutik. Iztueta Baserriko abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte.
Iztueta Baserrian belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten. Eñaut Sala Iztuetak azaldu duenez, baserriko atarian egin ohi dute harrera, baina gaur eguraldi kaxkarra izan denez, esnearen museoan hasi dute bisita. Bertan, baserriaren historia eta Iztueta familia nondik datorren kontatu ondoren, baserriaren kanpoko aldea ezagutu, eta ukuilura inguratu dira.
Bisita osoan zehar, Iztueta baserriaren oinarriak azaltzen dizkiete bisitariei, eta hiru hitzekin jolas egiten du Sala: “Belarjalea, ugaztuna eta hausnarkaria”. Hortik abiatuta, beren animalien ongizatea eta elikadura nola zaintzen duten erakusten diete, ingurugiroaren eta iraunkortasunaren garrantzian azpimarra eginez. Gainera, ziklo guztiaz arduratzen dira bertan, eta hori ere ezagutzeko aukera izan da. Eñautek berak dioen bezala, “produktuetan kalitate gorena bermatzen du horrek”. Izan ere, Iztuetan oso barneratuta dute behiak direla proiektu honen ardatz nagusia; behiek eskaintzen dieten esnea da euren sorkuntza guztien oinarria eta, esnea goi mailakoa izateko, behiak ere halakoak izan behar dute, beraz, euren zaintza egokian oinarritzen da lanaren parte handi bat.
Inguruko paisaia paregabeaz gozatzeko aukera ere eskaini du bisitak. Bertako eremuak zabalak eta lauak dira, behiak larrean bazkatzeko primerakoak, eta ez hori bakarrik, Aralar mendikatearen magalean daude, eta Aizkorri mendikatearen bista paregabeak dituzte bertatik. “Munduko leku hoberenetako bat da”.
Iztueta produktuak
Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain ekoizten dituzten kalitate handiko produktuak dastatzeko aukera izan dute bisitariek.
Esneki eskaintza zabalaz gain, haragia ere ekoizten dute bertan. Idiak hazten dituzte bertan, eta txuletak eta hanburgesak dituzte salgai.
Produktu guztiak Iztueta baserrian bertan dagoen dendan eros daitezke, baina gainera, establezimendu desberdinetan proba daitezke, hala nola, Casa Julian, Martin Berasategi, Tolosako Ama, edota Ataungo Troskaeta jatetxeetan.