Haizearen Orraziaren sehaska kanta eskaini dute Legazpin
Txillidari omenaldia egin dio bere jaiotzaren mendeurrenean Lenbur Fundazioak, Haizearen Orraziaren sehaska kanta ikuskizuna eskainiz. Musika, irudiak eta olerkiak uztartzen dituen ikuskizuna da hau.
Txillidaren jaiotzaren mendeurrena izan dute aitzakia gaurkaoan Lenbur Fundazioan hitzordu berezi honetarako. Haizearen Orraziaren sehaska kanta eskaini dute Andoni Salamero olerkaria eta Pello Ramirez musikaria izan dira ikuskizuneko protagonistak, nola ez, Txillidarekin eta haren obrekin batera.
Goizeko 12:00etan eman diote hasiera ikuskizunari Legazpiko Kultur Etxean. Ikuskizuna hasi aurretik, Txillidaren obrak ageri ziren argazkiak ikusi dituzte, eta ondoren, Salamerok hartu du hitza. Haizearen Orraziaren sehaska kanta aurkezteko soinua, irudia, mugimendua… <<dena dela inspiragarri eta sortzeko bide>> adierazi du, ikuskizun honen oinarri eta filosofia gisa. Hau esanik, olerki batekin eta Ramirezen shakuachiaren musikarekin hasi dute ikuskizuna. Irudi bakoitzeko soinu eta neurri desberdinak uztartu dituzte olerkiekin, publikoari <<naturaren elementuen bitartez>> Txillidaren obren nondik norakoak transmititzeko asmoz.
Legazpiar ugari gerturatu dira bertara, ikuskizunaz gozatzera eta Kultur Etxeko areto nagusiko argi-ilunetan gozatu dute shakuachiaz, txeloaz, olerkiez eta irudiez.