2025 urterako udal aurrekontua onartu dute EAJren bozekin
24 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du Beasainek. «Garapen jasangarria helburu» duela dio EAJren udal gobernuak. EH Bilduk aurka bozkatu du (4), eta Podemos (1) eta PSE-EE (2) abstenitu egin dira
Urteko azken osoko bilkuran onartu zituzten 2025 urterako Beasaingo Udalaren aurrekontu orokorrak. Ia hogeita lau milioi eta erdiko aurrekontua izango da (24.443.329,84 euro), iazkoa baino %9 gehiago, inoizko handiena. Udalbatzari aurkeztutako aurrekontu proposamenean, oposizioko PSE-EE, Podemos eta EH Bildu alderdiek egindako ekarpen «aberasgarrienak» txertatu ditu Udal gobernuak, Leire Artolak azaldu zuenez.
Pasa den ostegunean zen bozketaren hitzordua, baina aurrez jakina zen bilkuratik pasako zen proposamenaren gidoia. «Beasainen eta beasaindarren garapen jasangarria helburu, euskaran, arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean, gazteentzako etxebizitza, enplegagarritasuna, nahi ez den bakardadea edo Olaran, Bonberia eta Barrendaingo gune berriak herritarrok erabilgarri izateko asmoa» dute aurrekontuek, Leire Artolak bere hitzartzean adierazi zuenez. Aurrekontuaren ardatz nagusiak zeintzuk izango diren azaldu zuen alkateak, diru-partida bakoitzaren xehetasunetan sartu gabe, eta errepasoaren ondoren, bozketa egitera pasa ziren. Osoko bilkurara eramandako aurrekontu proposamena onartua izan zen EAJren baiezko bozekin (9). EH Bilduk aurka (4) bozkatu zuen eta Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk abstentziora jo zuten.
Bozen argudioak
Elkarrekin Podemoseko ordezkari Aritz Corsittorentzat «ongizatera bideratuko den diru partida» izan zen kexa nagusia. «Herritarrentzat zerbitzu onenak nahi ditugu, gizartearen zahartzeari erantzuteko, besteak beste». Zentzu horretan, hurrengo urteetan «ausartagoak» izatera animatu zituen udal gobernuko ordezkariak.
PSE-EEko Eva Alvarezek, aurrekontu proiektuan bere alderdiaren hainbat proposamen -hirigintzako hainbat proiektu, ingurumenaren zaintzari lotutako kanpainak,…- txertatu izana eskertu zion Leire Artola alkatearen taldeari. Dena den, hainbat desadostasun ere agertu zituen sozialisten ordezkariak: «Kritika nagusia ordezkari politikoen soldaten gastuari; gazteria alorreko proiektuen faltagatik; eta musika eskolaren kokapenean zalantzak ditugulako» agertu zituen hainbat arrazoi.
EH Bilduko Nerea Manzisidorrek ere eman zituen bere koalizioaren botoaren arrazoiak: «Anbiziorik gabeko aurrekontuak dira, herrian ditugun hamaika beharrei erantzuteko neurri esanguratsurik jasotzen ez dutenak. Aurreko urteetako aurrekontuen jarraipen hutsa dira eta beraz aurrean ditugun erronken atarira ekarri gaituen inertzian jarraitzea besterik ez dute jasotzen, inertziatik atera eta politika publiko sendoak eta berritzaileak abiatzea horren garrantzitsua den garaian». Aurrekontuaren negoziaketa prozesuan, «aurrera begira identifikatutako erronketako asko partekatzen direla esan baldin bazaigu ere, onartu diren aurrekontuetan hauek ez dira islatu» Manzisidorren esanetan. Adibidez, etxebizitzaren arloko partiden kasua nabarmendu zuen. «Etxebizitza soziala eraiki ahal izateko lursailak erosteko 20.000 euroko diru partida jaso da aurrekontuetan, eta aldiz kanpoko talentuarentzat bi urterako etxebizitzak eraikitzeko Olaranen 360.000 euroko partida jaso da». Beraz, aurkako bozka EH Bilduren aldetik, baina aurrerantzean «elkarlanerako prestutasun osoa» adierazi zuen Manzisidorrek.
Osoko bilkuran onartua izan ondoren, 10 egunez jendaurrean izango da, alegazioak egin nahi dituztenentzat.