Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzikotea Ilunben elkartu da
Historian lehen aldiz emakumezkoak gehiago izango dira kopuruz finalean, Nerea Elustondo legazpiarra eta Idiazabalen bizi den Oihana Iguaran tartean. Bertsozaleei hainbat ohar helarazteko baliatuko dute antolatzaileek gaurko agerraldia. Albisteko bideoan Elustondoren adierazpenak.
Gaur goizean egin dute Donostiako Ilunben (Donostia Arena) 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala aurkezteko agerraldia. Han elkartu dira finalean kantatuko dute zortzi bertsolariak –Alaia Martin, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz Euzkitze, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran– eta finaleko bi aurkezleak –Ane Ezenarro eta Iker Iriarte–. Elustondo legazpiarrak eta Idiazabalen bizi den Iguaran amasa-villabonatarra izango dira Goierriko ordezkariak finalean, baita Zaldibian bizi den Iriarte aurkezlea ere.
Irabazleari Arantzazu Loidik jantziko dio txapela, eta 25 urtez azpiko lehen sailkatuari Patxi Goikoleak emango dio sariak. Lehena orain 50 urte Leintz bailaran sortu zuten lehen bertso eskolako ikaslea izan zen, eta bigarrena hango irakaslea. Finala larunbatean da, abenduaren 14an, eta 17:00etan hasiko da. Ssarrerak eros daitezke oraindik bertsosarrerak.eus webgunean.
Finaleko talde teknikoa
Larunbateko finala aurkezteko ardura Ane Ezenarrok eta Iker Iriartek izango dute. Epaileak, aldiz, hauexek izango dira: Bakarne Urreaga, Eneritz Azkue, Iñigo Legorburu, Karlos Ibarguren, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren.
Egin beharreko lanak
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalak bi atal izango ditu. A atalean finalera sailkatutako zortzi bertsolariek kantatuko dute. B atalera, aldiz, A atalean puntuazio altuena lortutako bi bertsolariak pasatuko dira, eta buruz burukoa osatuko da. Bi ataletako puntuazioa batuta puntu gehien lortzen dituenak jantziko du txapela.
Hauexek dira ariketak:
A atalean
- Binaka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, launa bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
- Ganbara, bi gairekin: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
B atalean
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso.
- Binaka, librean, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte.
- Ganbara: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Txapela eta 25 urtez azpiko saria: Almen bertso- eskola
Aurtengoa urteurren berezia izan da Gipuzkoako bertsolaritzan: 50 urte bete dira lehen haurren bertso-eskola sortu zenetik, Leintz bailaran, Almen ikastolaren baitan. Urteurren berezi horrek ardaztu du 2024ko bertso urtea Gipuzkoan, baita, ezinbestean, txapelketa ere.
Horrela izango da txapelketaren azken pausoan ere, eta bertso-eskola haren bi ordezkari izango dira oholtza gainean: Arantzazu Loidik, Almeneko ikaslea bera, jantziko dio txapela txapeldunari, eta Patxi Goikolea irakasleak emango dio 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria.
Finalerako oharrak
Puntu morea
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean Puntu morea egongo da, Ilunbeko 5. atean. Horrez gain, Bertsozale Elkarteko lantalde feministarekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi lantaldefeminista@bertsozale.eus helbidera.
Ilunbera nola heldu
Ilunbera heltzeko, Donostiara garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabiltzea gomendatzen du antolakuntzak.
Bestalde, zenbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.
Ateen irekiera
Ilunbeko ateak 15:30ean zabalduko dira. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko gomendioa egin nahi die bertsozaleei, jende asko bilduko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.
Gurpildun aulkiak
Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, nondik sartzea komeni den adierazten duten oharrak jasoko dituzte. Horretarako gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.
Bestelako oharrak
- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Areto barruan ezin da ez jan ez edan, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Ilunben ezin da erre
- Bertsolariek mugimendu guztiak nabaritzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.
Sarreren salmenta
Finalerako sarrerak eskuratzeko bideak, hauek dira:
- www.bertsosarrerak.eus orrian zapatu goizera arte.
- Sarrerarik geratuko balitz, larunbatean, Ilunbeko txarteldegian: 15:00etatik aurrera
Finalera iritsi aurreko bidea
Finalera heldu aurretik bide luzea egin du txapelketak. Udaberrian hasita, 74 bertsolari aritu ziren kantuan, antolatutako 20 saioetan. Fase hura, Gipuzkoa Bertsotan, bi itzulitara jokatu zen: lehenengotik bigarrenera 48 bertsolari sailkatu ziren. Eta 48 horietatik 34 bertsolari pasatu ziren udazkeneko fasera.
Udazkenera pasatutako 34 bertsolari horiei 2019an sailkatutako beste 14 batu zitzaizkien: 8 final-zortzirenetara sailkatu ziren, eta 6 final-laurdenetara. Guztira, dagoeneko 35 saio jokatu dira aurten, eta 8 bertsolarik sailkatu dira finalera.