Idiazabalek sei milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2025ean
EH Bilduren aldeko zortzi botorekin onartu dute. Gurutze Berriko obrak baldintzatutako aurrekontua da, berriz.
Idiazabalgo Udalak 6.177.956 euroko aurrekontua onartu du 2025erako. Iñaki Alberdi alkateak aurreratu du, «beti bezala» anbizio handiko aurrekontuak direla, eta orain arte egindakoaren jarraipena izan nahi dutela. «Herrian inbertitu nahi dugu, baina landa ingurunean ere bai. Idiazabal herri bizi bat izatea dugu helburu eta aurrekontuak horren isla dira», azpimarratu du. Aurrekontua azaroaren 28ko osoko bilkuran onartu zen EH Bilduren aldeko 8 botorekin. Izal Berrik (3) kontrako bozka eman zuen.
Azken urteetan bezala, Gurutze Berri auzoko lanen aurrekontuak baldintzatutako aurrekontua da 2025ekoa ere. «Idiazabalgo aurrekontu arrunt bat 4,5 milioi euroren bueltakoa da. Aurten Gurutze Berriko lanean erdia ordaindu dugu (1,1 milioi euro) eta datorren urtean beste erdia», azaldu du Alberdik. Ohi bezala, udaleko gastuek eramango dute aurrekontuaren zati handiena; pertsonal gastuetan 1.277.000 euro aurreikusi dituzte; gastu finkoetan —mantenu lanak, musika eskola, eguneko zentroa, kirol zerbitzuak…— 2.100.000 euro, eta herriko elkarteei ematen zaien diru laguntzetan eta Goieki, Goierriko eskola edo Sasieta Mankomunitatearekin dituzten kontratuetarako beste 631.000 euro.
Inbertsioak
Inbertsioetara guztira, 2,1 milioi euro bideratuko dira; «hortik pusketa handiena, —1,1milioi— Gurutze Berriko lanak amaitzeko» izango dela zehaztu du Alberdik. Lanen erdia baino gehiago aurreratuta dago jada, eta «apirilaren amaierarako» amaituta egotea espero dute. Herrigunean, Kale Nagusian zuhaitzek altxatutako espaloiak konpontzeko lanekin jarraituko dute (80.000 euro) eta Guardi poligonoan ere asfaltatze lanak egingo dituzte (80.000 euro). Aurtengo aurrekontuetan aurreikusita zegoen, baina azkenean egiterik izan ez duten herriko plaza eraberritzeko parte hartze prozesuaren proiektuari helduko diote 2025ean. Prozesua bideratzeko 15.000 euro aurreikusi dira.
Idiazabalen etxebizitza berriak eraikitzea agintaldi honetako helburu nagusitzat jo du alkateak; «2008tik ez da etxebizitza berririk eraiki eta herrian geratu nahi dutenei herrian geratzeko aukera eman beharra daukagu», dio alkateak. Hiru lerrotan dabiltza lanean. Batetik, Zepaiko eremua eraikigarri izendatzeko plan partziala egingo du udalak (45.000 euro); bestetik, eta eremu berean, hirugarren bloke batean babes ofizialeko etxebizitzak egiteko «harremanetan» daude Eusko Jaurlaritzarekin. Azkenik, Zigorren etxebizitzak eraikitzeko proiektua bideratzen ari dira promotore pribatu batekin. Proiektu hauek gauzatzeko ordea, beharrezkoa da Idiazabalen zer nolako etxebizitzak eta zenbat etxebizitza beharrezkoak diren jakitea. Horretarako, galdetegi bat pasatuko dute urtearen hasieran, etxebizitza baterako sarbidean interesa duten herritarren artean.
Herri gunea eraldatuko duten proiektu garrantzitsuak ere egikarituko dira 2025ean; horien artean Aita Iparragirre herri eskolako patioa eraberritzeko lanak azpimarratu ditu alkateak. 2024an parte hartze prozesua burutu dute eta eskolako arduradunekin batera egindako lanketan patio berriaren proiektua zehaztu dute dagoeneko. Obra «handia» izango dela aurreratu du alkateak «faseka» egingo dute eta 200.000 euro inguruko aurrekontua izango du. «Obra honekin eremua naturalizatu egingo dugu nolabait, berdegune gehiagorekin. Estalpe bat ere eraikiko da, futboleko eta teniseko kantxak txikitu egingo dira eta haurrentzako parkea aldatu», zehaztu du Alberdik.
Argiteria
Txomenaneko parkea eraberritzeko proiektuari ere jarraipena emango diote. «Falta diren eskailerak berritzen amaitzeko aldundiaren diru laguntza jasotzea» espero dute; gainera, jada «zaharkituta» dagoen haurrentzako parkea ere berrituko dute (70.000 euro). Efizientzia energetikoaren alorrean Idiazabal eta Segura arteko bidegorria argiztatuko dute (60.000 euro) eta herri sarrerako argiteria led sistemara pasatuko dute (15.000 euro). Amaitzeko, berdintasun planaren baitan ekintza ezberdinak aurrera eramateko 12.000 euroko diru partida bat ere aurreikusita dago.
%5eko igoera “herri biziaren” alde
Hori da kultura, kirola, jaiak edo merkataritza alorretarako diru partidek 2025ean izango duten igoera. Idiazabalgo Udalak herri bizia du helburu eta hori lortzeko «inbertitu» beharra dagoela dio alkateak. Merkataritza ere «gakoa» da helburu hori erdiesteko eta 15.000 euroko partida aurreikusi dute 2025erako.
Herri gunetik haratago, auzo eta landa inguruetan egin beharreko inbertsioei ere garrantzi berezia eman nahi izan diete 2025ean. Hala, Arimasagasti auzotik irtenda bidegorrira pasatzeko oinezkoentzako pasarela irisgarri bat egingo dute eta semaforo bat ere jarriko dute (80.000 euro). Beste auzo batzuetan bestelako inbertsioak egiteko beste 20.000 euro dituzte aurreikusita.
Landa inguruan, Urbizu auzora ura eramateko proiektua gauzatuko dute 2025ean udalak eta Gipuzkoako Urakek elkarlanean; aurten egitekoa zen, baina ez da posible izan. Udalak 230.000 euro bideratuko ditu, Gipuzkoako Urakek 130.000 eta bizilagunek beste 30.000 euro; 390.000 euro guztira. Gainera, mendi bideak garbitu eta konpontzeko 75.000 euro aurreikusi dituzte eta herri mendien larreen mantenurako beste 45.000 euro.
Aurten martxan jarritako herri lurren mugak digitalizatzeko proiektuari ere jarraipena emango diote datorren urtean. 11 eta 12 poligonoetako mugak digitalizatzeko 63.000 euro jarriko ditu udalak. Muga guztiak digitalizatzeko bost urteko lana aurreikusita dago.