Denda apainketa, Gabonen aldaba
Lazkaoko hogei saltokik parte hartuko dute Gabonetako erakusleiho lehiaketan. Hilabeteko egitaraua antolatu dute Eguberri aldirako. Elkartasun jaialdiak, gaurtik.
Gabonetako erakusleiho lehiaketa abian da, eta Eguberri aurreko egitarauari hasiera eman dio Lazkaon. Astelehenean ireki zuen udalak herriko denda edo tabernetako apainketak bozkatzeko epea, eta abenduaren 24ra arte utzi ahalko dute txarteltxoa bezeroek eta herritarrek, saltokietan dauden kutxetan edo udaletxeko harrerakoan.
Denera, Lazkaoko hogei komertziok parte hartuko dute lehiaketan. Erakusleiho ederrenaren jabeak saria jasoko du, Gabon astean. Horrez gain, botoa eman duten herritarren artean bost diru-sari zozkatuko ditu udalak: 300 euroko bonu bat lehiaketan parte hartu duten saltokietan erabiltzeko; eta 100na euroko beste lau bonu, herriko dendetan gastatzeko.
Hilabeteko egitaraua
Gabonetako kultura-egitaraua ere atera dute. Aste honetan, Ruandaren aldeko Elkartasun Jaialdiak izango dira. Gaur, bihar eta etzi iluntzean, hiru egunetan jaialdi bana eskainiko dute San Benito ikastolako haurrek, Arerian. Bildutako dirua Ruandan garapen proiektuetan laguntzeko bidaliko dute.
Horrekin batera, jostailu bilketa ere abian dauka ikastolak. Familiek eta herritarrek emandako bigarren eskuko joko, jolas eta jostailuekin merkatu txikia jarriko dute asteburuan, plazako frontoian, Euskal Liburu eta Disko Azokarekin batera. Azkenik, Ikasle bat, euro bat diru bilketa ere abian da, helburu bererako.
Gainerakoan, Olentzeroren eta Maridomingiren etorrera abenduaren 24an, Hiru Erregeen etorrera urtarrilaren 5ean, eta Astotxo Eguna urtarrilaren 12an ospatuko dira Lazkaon, Eguberri aldia amaitzeko. Haurren jolas parkea (26tik 28ra), artisau garagardoen azoka (28an), eta San Silvestre kros herrikoia (31n) izango dira, tartean.