Elikagaiak ez xahutzeko
Gourmet Bag egitasmoari batu zaio Beasaingo Kattalin erretegia. Hondakin kopurua gutxitzeko xedez, ontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte bertan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak elikagaien xahuketa gutxitzeko eta Gipuzkoako ostalaritzan sortzen den hondakin kopurua murrizteko xedez Gourmet Bag egitasmoa jarri dute martxan. Beasaingo Kattalin erretegi jatetxeak parte hartuko du aurtengo edizioan.
Kattalin jatetxean eta Gipuzkoako beste seitan –Tripontzi Hernanin, Traiñerum Andoainen, 1990 Gastroteka Arrasaten, Kontent Eibarren, Lau Bide Azpeitian eta Bodegon Sotero Irunen–, ontzi berrerabilgarriak emango dizkiete bezeroei, soberan geratutako janaria etxera eramateko. Ontzi horiek berrerabilgarriak dira gainera, eta behin zerbitzua emandakoan, bezeroak jatetxera itzul ditzake. Jatetxean higienizatu egingo dituzte, berriro erabili ahal izateko.
Jatetxe bakoitzak 25 ontzi berrerabilgarri jasoko ditu, eta paperezko 50 poltsa ere bai. Horiek banatuko dizkiete, hain zuzen, bezeroei. Kanpaina abenduaren bukaerara arte izango da martxan.
Urtero 127.000 tona elikagai alferrik galdu
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu Jose Ignacio Asensiok esan duenez, Gipuzkoan urtero guztira 127.000 tona elikagai galtzen da alferrik, eta kopuru horretatik %10 ostalaritzan xahutzen da. Aterabidea emateko jarri dute martxan Gourmet Bag seigarren aldiz, ostalaritza eredu «arduratsuagoa eta jasangarriagoa» bihurtzeko. «Onartezina da munduan milioika herritarrek gosea pasatzea eta hainbeste baliabide alferrik galtzea», azaldu du Asensiok.
Gourmet Bag proiektua 2018an hasi zen, ekimen pilotu gisa, Donostiako zenbait jatetxetan. Harrezkero, Gipuzkoako 21 udalerritako 145 establezimendutara zabaldu dute, eta berrerabil daitezkeen 13.300 ontzi baino gehiago banatu dituzte sei urteko ibilbidean. Bilakaera horrek ekonomia zirkularraren erreferente gisa finkatu du proiektua, eta elikagaien alferrik galtzea murrizten lagundu du kontzientziazioaren eta irtenbide berritzaileen ezarpenaren bidez.
Urterik urte, kanpainara herri gehiago sartu dira, hala nola Pasaia, Lasarte-Oria, Errenteria, Hernani eta Oiartzun, eta ontziak berrerabiltzeko eta itzultzeko eredu aurreratuagorantz egokitu dute ikuspegia, Europako araudiekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta.