Etxebizitza eskubidearen alde mobilizatzeko deia
Goierriko hainbat eragilek atxikimendua agertu dute.
Abenduaren 14an, Bilbon, Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez! lemapean Euskal Herriko etxebizitza sindikatuak deitu duen mobilizaziora batuko direla azaltzeko agerraldia egin dute Goierriko hainbat eragilek, Beasainen. Legazpiko, Beasaingo eta Zaldibiako Gazte Asanbladak, Stop desahucios eta Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista izan dira atxikimendua erakutsi duten eragileak.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, «etxebizitzaren arazoa larriagotzen ari da azken urte hauetan, herritarren lehen mailako kezka bilakatzeraino. Izan ere, alokairu eta erosketako prezioen igoera, langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusienetako bat bihurtu da». Horren aurrean, instituzioek duten erantzukizuna azpimarratu dute: «Hauen proposamena etxebizitzaren negozioa bultzatzen jarraitzea baita».
Larunbatean Bilbon izango diren Goierriko eragile hauen aburuz, «etxebizitzaren arazoa, etxebizitzaren negozioa bera da, eta arazoaren iturri dena ez da inoiz irtenbidea izango». Politikariez gain, jomugan jarri dituzte espekulatzaileak ere. «Hauek, instituzioekin elkarlanean euren poltsikoak betetzen baitituzte langileon zaurgarritasunaz baliatuz. Finean, espekulatzaileen negozioaren aurka eta instituzio eta politikarien fartsaren aurka, guztiontzako doakoa eta kalitatezkoa izango den etxebizitzaren alde borroka egitera deitzen dute.
Batzeko deia
Bide horretan, larunbatean Bilbon deitu den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu diete herritar denei.