Gabonei ongi etorria emateko prest daude kaleak eta saltokiak
Ostegun arratsaldean piztuko dituzte Gabonetako argiak. Kultur eskaintza bete-betea izango da hurrengo asteetan.
Gabonei ongietorria emateko jantzi da Beasain. Gaur arratsaldean, kaleko argiteria piztuko dute, herria giro berezi horretan sartu eta tokiko saltokietan Gabonetako erosketak sustatzeko asmo bikoitzarekin. Gainera, kultur agenda ere bete-betea izango da Gabonetan: 22 ekitaldi desberdin izango dira, herriari bizia emateko.
Gabon giroa ohiko espazioetara eta kokapen berrietara iritsiko da. Lehen aldiz, Iturriotz kalea eta Zaldizurretako plazatxoa argiztatuko dira. Kale Nagusiak, bestalde, argiztapen berritua estreinatuko du, eta, Udalaren arabera, «ikusgarriagoa» izango dena. Nabarmentzekoa da, halaber, Erauskin plazan jarri den bost metroko altuerako argi-kaxa.
Aurrezteko irizpideak
Energia aurrezteko irizpideak kontuan hartuta, piztea erregulatuko duten erlojuak ipini dituzte. Astelehenetik ostegunera 17:30etik 22:00etara egongo dira piztuta, eta ostiral, asteburu eta jaiegunetan, 17:30etik 01:00etara. Urtarrilaren 6ra arte piztuko dituzte.
Gabonetako argiak Beasaingo Udalaren urte osoko elektrizitate-kontsumoaren «%0,06» suposatzen du. ArgilineX S.L. enpresari esleitu zaizkio argien instalazioa eta alokairua, 40.499,99 eurotan, BEZa barne. Udalak jakinarazi duenez, kontsumo txikiko argiak dira.
AGENDA
- Abenduak 17, asteartea
20:15: Distirak konpainiaren dantza emanaldia, Usurbe Antzokian.
- Abenduak 19, osteguna
17:00: Eguberri kontuak ipuin kontaketa antzeztua, udal liburutegian.
19:30: Eguberri kontzertua, Andre Maria Zeriratuaren parrokian.
- Abenduak 20, ostirala
18:00: XXIII. Goierriko Artisten Topaketa, Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan.
- Abenduak 21, larunbata
19:30: Ostadar dantza taldearen emanaldia, Usurbe Antzokian.
- Abenduak 22, igandea
19:00: Narama eta Loinatz abesbatzen kontzertua, Loinazko San Martin plaza azpian.
- Abenduak 23, astelehena
10:00-13:00: Gabonetako kartel lehiaketan saritutako lanen erakusketa, Loinazko San Martin plaza azpian.
- Abenduak 24, asteartea
12:00: Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria, ikastetxeen bilkura eta gutun bilketa, Loinazko San Martin plaza azpian.
12:30: Beasaingo joaldunen irteera, Loinazko San Martin plaza azpian.
18:00: Gabon eskea, Igartzako monumentu multzotik hasita.
- Abenduak 25, asteazkena
12:00: Txistularien goizeresia.
- Abenduak 26, osteguna
11:00-14:00 / 16:00-19:30: Gabonetako haur parkea, kiroldegian.
19:00: Kirol sariak, Igartza jauregian.
- Abenduak 27, ostirala
11:00-14:00 / 16:00-19:30: Gabonetako haur parkea, kiroldegian.
19:00: Gau laburra lehiaketa, Usurbe antzokian.
- Abenduak 29, igandea
20:30: Miñan antzerkia, Usurbe antzokian.
- Abenduak 31, asteartea
10:00: San Silbestre txikia
12:00: XLIX. San Silbestre krosa.
- Urtarrilak 2, osteguna
11:00-13:00: DJ tailerra gazteentzat, Urbieta etxean.
- Urtarrilak 3, ostirala
11:00-13:00: DJ tailerra gazteentzat, Urbieta etxean.
- Urtarrilak 5, igandea
12:00: Erregeen gutun bilketa, Loinazko San Martin plazan.
18:15: Erregeen zamalkada, Igartzako jauregitik.