Hasi dituzte frontoi pareko lanak Mutiloan
Zelaialde auzoan eta Errotatxon ere egingo dituzte lanak. Lurkide enpresari esleitu dizkiote lanak eta hiru hilabeteren bueltan amaitzea espero da.
Herrigunea eta herrigunetik gertu dauden auzoetan berrikuntza eta konpontze lanak hasi dituzte Mutiloan. Zelaialde auzoa, Errotatxo ingurua eta frontoi pareko plaza dira lan hauen jomuga. 2024ko udal aurrekontuetan aurreikusitako lanak dira, azkenean martxan jarri direnak. Orain hamabost egun hasi ziren lanekin eta hiru bat hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak.
Zulatuta daude Mutiloako bide bazterrak eta plaza. Herrigunean dagoen frontoi pareko plazatxoa izango da eraldaketa handiena jasango duen gunea, «bertan egingo dira jarduera handienak», zehaztu du alkateak. Batetik, oinezkoentzako eta autoentzako eremuak bereiziko dira; «oinezkoentzako inguru irisgarriagoa egingo dute eta frontoiko sarrera ere eskuragarriagoa izango» dio Ugaldek. Era berean, frontoiaren aurrealde guztia asfaltatu egingo dute eta «eremuak. berezkoak dituen koskak aprobetxatuta, eserlekuak egingo dira», aurreratu du.
Herrigunearekin lotzeko
Beste alde batetik, Zelaialde auzoan Urbieta etxearen parean espaloi zati bat amaitu gabe zegoen. Lan hauekin espaloi zati berria gehituko zaio zegoenari. Errenkara luzeetan zulatuta daude errepide izkinak oraingoz. Espaloiko lanak ez ezik, Zelaialde auzoa pilotalekuarekin lotzeko beste hainbat lan ere egingo dituztela aurreratu du Ugaldek.
Errotatxo inguruan ere mugituta daude lurrak. Eraikinaren parean hormigoia botako dute «aurretik zegoen bidea sendotzeko eta irisgarriago» egiteko. Bide batez, handik herrigunerako sarrera erraztuko du bide berriak.
Lanak Lurkide enpresa egiten ari da; lehiaketara aurkeztutako guztien artean harentzat izan zen esleipena. 72.676,43 euro gehi BEZ kostako dira lanak orotara. Ondo bidean, lanak otsailerako amaituta egotea aurreikusi dute, hiru hilabeteko epean.