Jose Maria Esparza idazle nafarrak bere azken historia liburua aurkeztuko du bihar
‘Zumalacarregui y la Republica de los Pirineos’ izenburupean argitaratu du azken liburua Esparzak. Zumalakarregi museoan izango da aurkezpena, 19:00etan.
Jose Maria Esparza idazleak Zumalacarregui y la Republica de los Pirineos liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan Zumalakarregi museoan. XIX. mendeko Karlistaldira jo du Esparzak azken lan honetan, Tomas Zumalakarregiren figuraren bitartez Euskal Herriak jasan zuen egoera politikoa hobeto ulertzeko.
Jose Maria Esparza historia, kultura eta ondareari buruzko gaiak jorratzen dituen idazle nafarra da. 1988an Txalaparta argitaletxea sortu zuen eta, geroztik haren zuzendaria da.
Liburu hau iraganera hurbilketa bat da, memoria historikoari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen duena. Egileak XIX. mendeak izan zituen aldaketa eta tentsio politikoak aztertzen ditu bertan. Zergatik piztu zen Lehen Karlistaldia? Zeintzuk izan ziren ondorio nagusienak euskal gizartean? Zer paper bete zuen Tomas Zumalakarregik Lehen Karlistaldian? Eta, batez ere, nola eragin zuen euskal kulturan XIX. mendetik gaur arte.