Mundu hobe baten alde
Alkartasuna Lizeoak Merkatu Txikia antolatu du ostiralerako eta larunbaterako. Aurten 25 urte bete dituen Herriak Elkarlanean erakundeari bideratuko diote lortutako dirua.
Urtero bezala, Beasaingo Alkartasuna Lizeoko ikasleek eta Guraso Elkarteak ikasturtean zehar lantzen duten Elkartasun Programaren barruan, merkatu txikia eta Olentzero eskea egingo dituzte datozen egunetan. Elkartasun mezua zabaldu nahi dute bi ekintzekin, eta bertan biltzen duten dirua Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeari bideratuko diote, proiektu desberdinak garatzeko.
Merkatu txikia, ostiralean eta larunbatean egingo dute. Berrerabil daitezkeen jostailuak eta bidezko merkataritzako zenbait produktu salduko dituzte, Plazapean jarriko duten postuan. Ordutegia ondorengoa da: ostiralean 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean 11:00etatik 14:00etara. Olentzero eskea abenduaren 24an egingo dute.
Alkartasuna Lizeoko 5. eta 6. mailetako ikasleek herritar guztiak gonbidatu dituzte euren elkartasun proiektuan parte hartzera.
Iaz, adibidez, bi ekimen horiekin 2.084,54 euro bildu zituzten. Aurten ere, herritarren laguntzarekin, ekarpen polita egitea da helburua.
25 urteko bidea
Astebururako antolatu duten ekimenarekin, Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundeak aurten 25 urte bete dituela gogoratuko eta ospatuko dute. Mende laurdena nazioarteko elkartasunari eta behartsuenekiko konpromisoari eskaini dio, eta munduko hainbat komunitatetan arrastoa utzi du, elkarlanerako eta elkarrekiko laguntzarako bidea ezarrita. 1999an Gorka Eskalante beasaindarraren bultzadaz sortu zen.
Txiki-txikitatik Afrikarekiko debozio handia sentitzen zuen Eskalantek, baita behar zutenei laguntzeko gogo handia ere. Josetxo Martinez elizbarrutiko misiolari beasaindarrak egindako lanean oinarrituta jarri zuen martxan erakundea, eta urte hauetako guztietako lan nekaezinari esker, milaka pertsonaren bizi baldintzak hobetzea lortu dute Eritrean, Angolan, Haitin eta Beninen, besteak beste, garapen, hezkuntza, osasun eta bidezko merkataritza proiektuen bidez.
2000. urtean, Eskalantek Eritreara egin zuen lehen bidaia, eta oso hunkituta geratu zen. 2005era arte garatu zituzten proiektuak han. Besteak beste, neskentzako barnetegi bat eta lehen hezkuntzako eskola bat eraiki zituzten. Eskalantek eta Leire Plazaola kideak azaldu dutenez, proiektuak ez dira «besterik gabe» egiten: «Lehenik eta behin, tokiko pertsonei kontsulta egiten zaie, haien benetako beharrak ulertzeko». Horrela, Herriak Elkarlaneanen ekimenaren helburua argia da, «behar horiei modu eraginkorrean erantzutea».
«Tokiko beharrei modu eraginkorrean erantzutea da helburua»
Gorka Eskalante. Herriak Elkarlanean
Benin izan da Herriak Elkarlanean erakundeak laguntzeko konpromisoa hartu duen beste herrialdetako bat. 2002tik 2018ra, hainbat proiektu garatu zituzten han. Besteak beste, osasun zentroak, ikastetxeak eta barnetegiak eraiki zituzten, eta argiztapen sistemak eta eguzki plakak instalatu zituzten. Eskalantek aurreratu duenez, beste proiektu bat abiarazteko asmoa dute Beninen, aterpetxe bat eraiki nahi baitute.
Haitin lanean
Herriak Elkarlanean 2005ean hasi zen Haitin lanean, Mertzedariar mojentzako egoitza bat eraikita. 2010eko lurrikarak herrialdea suntsitu zuen, eta aurreko beste edozein esku-hartzek baino ahalegin handiagoa eskatu zien. Hondamendi natural hartan milaka pertsona hil ziren, eta askoz gehiago gelditu ziren etxerik eta baliabiderik gabe.
Beasaingo Herriak Elkarlanean erakundeko boluntario talde bat Haitira joan zen laguntza eskaintzera. «Suntsipen maila hura ikustea ikaragarria izan zen», gogoratu du Plazaolak. Beasainek eta Goierriko eskualde osoak erakutsi zuen Haitirekin elkartasuna, eta laguntza uholdea bidali zuten. «Zazpi edukiontzi bidali genituen, bakoitza 50 tona hornigairekin. Kristorena izan zen», kontatu dute biek, hunkituta.
Ordutik, laguntza etengabe bidali dute. Urtero oinarrizko elikagaiak erosteko kopuru esanguratsua bideratzen da, eta beharra duten 400 familia ingururi laguntzen zaie.
Bidezko merkataritza
Bidezko Merkataritza ezagun egin bada, 25 urte hauetan Herriak Elkarlanean erakundeak egin duen lanari esker izan da. «Ezezaguna zen gehienentzat, eta jendeak telebistako El precio justo saioarekin nahasten zuen», azaldu dute, barrez.
Gaur egun, 25 urte geroago, txokolatea eta kafea saltzen jarraitzen dute, ekoizpen kateko aktore guztien artean banaketa zuzena bermatzen dutenak.
Bidezko merkataritzako produktuak saltzeko, denda txiki bat dute Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parrokiaren ondoan. Astearte arratsaldeetan irekitzen dute. Gainontzean, azoka ugaritan parte hartzen dute, esate baterako, Beasaingo Elkarteen Egunean, Alkartasuna Lizeoko komunitatearen laguntzarekin. Hainbat produktu saltzeaz gain, sentsibilizazioa hedatzea dute helburu, eta bide horretan ahalegintzen dira gazteak ere inplika daitezen. Horren adibide da, asteburu honetan, Alkartasuna Lizeoak egingo duen Merkatu Txikia.