«Gustatzen zaigu esatea gure paellak politikoak direla»
Zaldibian baserria erosita, bertako uzta saltzen aritzen da bikotea; horrez gain, enkarguz, Euskal Herriko produktuekin Valentziako paella kozinatu, eta hori ere saltzen dute.
570 kilometro daude Valentziaren (Herrialde Katalanak) eta Zaldibiaren (Gipuzkoa) artean; motxila bete gogo baldin bada, oinez egin daitezke. Behin Zaldibian baserria erosi eta jaioterrira azken bidaia egin ondotik, halaxe egin zuten helmuga berrira bidea Santi Gasso Buquerasek (Valentzia, 1982) eta Rakel Andres Durak (Alacant, Valentzia, 1988); guztira, 36 egunez. Azken egunean, elurrez agurtu zituen herriak; gaur, ordea, su baxuaren ondoan dira sagarrak zuritzen.
Egin daiteke Valentziako paella bat Euskal Herriko produktuekin?
Rakel Andres: Bai. Egin daiteke, eta oso ona aterako da, baina elementu bat faltako du: garrofó-a [Valentziako babarrun mota bat]. Dena den, aurkitu dugu haren ordezkaria; babarrun mota berezi bat, handixeagoa ohikoa baino. Zaldibiako herritar bat saiatu zen hemen ereiten, eta nahiko ondo ateratzen da. Gainerakoan, ez du ezer berezirik, eta Euskal Herriko produktuekin bikain ateratzen da.
Valentziatik ihes egin nahi, eta dardoak Zaldibia jo.
Santi Gasso: Hiru urtez aritu ginen etxeak begiratzen; hasieran Katalunian, hizkuntzagatik-eta, baina ez genuen gure gustukorik topatu.
Andres: Guk bizitza aldaketa bat nahi genuen, berdin zitzaigun nora joan; helburu zehatzik eduki gabe hasi ginen bila. Zaldibiako aukera atera zen, eta esan genuen: «Zergatik ez?». Kasualitatea izan zen, egia esan.
Baserri inguruan haziak zarete?
Andres: Ez, gu hiritarrak gara sortzez.
Gasso: Nik gure herrian baratze handi bat nuen, eta lagunekin aritzen nintzen bertan, baratzeko lanak egiten.
Andres: Nik denboraldi bat Eskozian eman nuen, hango baserri batean boluntario lanean. Oiloak, baratzea… Valentziara bueltatu nintzenean, pentsatu nuen nik ere egin nahi nuela halako zerbait.
Erabakia zenbateraino izan da politikoa?
Andres: Gure bizitza bera hautu politiko bat da, eta gustatzen zaigu esatea gure paellak politikoak direla: bertako produktuak dira. Erabil genitzake Valentziako arroza eta hango babarruna, baina ez, guk bertakoaren alde egiten dugu. Gatza, arroza, olioa, barazkiak… guztia da Euskal Herrian ereindakoa. Lau urtetik behin bozkatzen dugu, baina elikadurarekin egunero ari gara bozkatzen. Hizkuntzarena ere garbi geneukan hasieratik; hizkuntza gutxitu batetik gatoz gu ere, eta ongi ulertzen ditugu euskaldunak. Hona etorri ginenerako, bagenekien bertako hizkuntza eta bertako ohiturak errespetatu egin behar genituela. Hemen bizi nahi badugu, euskaraz bizi behar dugu. Oraindik ikasten ari gara, dena den.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.