Katalina Goia segurarraren ‘Libro de cocina’ sukaldaritza liburuaren laugarren edizioa plazaratu dute
1950ean argitaratu zuen Goiak liburua lehen aldiz, Beasainen, eta 1966 eta 1979koak izan ziren hurrengo argitaraldi nagusiak. Orain, 2024an, laugarren edizioa plazaratu dute ondorengoek, amonari egindako aitortza eta omenaldi gisa. Gaur aurkeztuko dute liburua Segurako Botikaxaharren.
Goierriko etxe dezentetan ezaguna dute Katalina Goia Murgiondo sukaldariaren (Mutiloa 1911, Segura 1979) Libro de cocina liburua. Eskualdeko eta inguruko herrietako emakume asko izan ziren berak emandako sukaldaritza eskoletan parte hartu zutenak eta baita Goiak mimoz prestatutako sukaldaritza liburua eskuratu zutenak ere, etxeko egunerokoan prestatu beharreko otorduetarako gida modura. Liburu hura haien ondorengoek ere ezagutu dute, eta batzuek oinordetzan jaso ere bai, altxor preziatuaren pare.
1950ean argitaratu zuen Goiak liburua lehen aldiz, Beasainen, eta 1966 eta 1979koak izan ziren hurrengo argitaraldi nagusiak. Orain, 2024an, laugarren edizioa plazaratu dute ondorengoek, amonari egindako aitortza eta omenaldi gisa.
Liburua Segurako liburu azokan aurkeztuko dute gaur. 18:30ean hasiko da liburu azokaren irekiera ekitaldia, herriko egutegiaren argazki lehiaketaren sari banaketa, Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa eta herriko abesbatzaren emanaldiarekin. Ondoren, bilobek liburuaren aurkezpena egingo dute eta, jarraian, liburuko errezetak jarraituz Aiert Izagirre sukaldariak egindako mokadutxoak dastatzeko tartea izango da. Libro de cocina liburuaren laugarren argitalpena ere eskuratu ahal izango da bertan, %15eko deskontuarekin.
Langile nekaezina eta ekintzailea
Errotarekin lotura estua izan zuen beti Katalina Goiak. Izan ere, Mutiloako Troi-errota baserrian sortu zen eta umea zela Segurako Urnausi errota-baserrira joan zen bizitzera familiarekin. Hantxe igaro zuen bizialdi osoa, laugarren argitalpeneko liburuaren azalean agertzen den Urnausin.
Oso gazterik Bilbora joan zen neskame, garai hartan Bizkaiko hiriburuko familia garrantzitsu eta aberatsenetakoa zen Sota sendiaren etxean zerbitzatzera. Sukaldaritzan zuen trebezia ikusita, akademia espezializatu batera bidali zuten. Bergarako eta Donostiako hoteletan eta Ormaiztegiko eta Zestoako bainuetxeetan ere lan egin zuen.
Geroago, sukaldaritza eskolak ematen hasi zen Urnausin bertan, baina laster txiki geratu eta Goierriko hainbat herritatik deitu zioten eskolak ematera joateko. Eskolak emateaz gain, baserrietan izaten ziren ezkontzak eta bestelako ospakizunetarako otorduak antolatzeko ere jotzen zuten harengana, eta bera arduratzen zen guztia prestatzeaz.
Aldi berean, bere ezagutza liburu batean jasotzeko erabakia hartu zuen, 1950ean argitaratu zuena lehen aldiz, Beasainen. Galizian eta Madrilen ere inprimatu zuen liburua. 1966an atera zuen bigarren edizioa, eta hirugarrena, berriz, 1979an izan zen, hil zen urtean. Edizio bakoitzeko 2.000 bat ale atera zituen.
60ko hamarkadan, Beasaingo Indar enpresak Katalina kontratatu zuen bertako jangelaz arduratzeko, eta Ixabel eta Karmen alabek lagundu zioten langintza horretan, harik eta jubilatu zen arte.
Langintza ugari bateratu zituen. Aurrekoez gain, errota eta baserriko lanak egin eta sei seme-alaba hazi eta hezi zituen.
Garai bateko sukaldaritzaren isla
Libro de cocina liburuak 525 errezeta ditu, honako atal hauetan banatuta: Hasierakoak, Arrainak, Haragiak, Postreak eta Izozkiak. Errezetak argiak eta laburrak dira, sukaldaritzan oinarrizko ezagutza dutenentzat, eta, beraz, gehienetan ez du kantitateen eta denbora-unitateen inguruko informazio zehatzik ematen.
Laugarren argitalpen honetan bere horretan mantendu dute bilobek amonak idatzitakoa. Garai hartako egiteko eta adierazteko moduen isla da, eta diktadura garaikoa izanik, gaztelaniaz idatzita dago, bera euskalduna zen arren.
Errezeten lanari, berari buruzko biografia erantsi diote, argazkiz lagunduta, eta baita aitortza eta eskertza atal bat ere. Bi atal horiek euskaraz daude.
Liburua Goierriko hainbat tokitan salgai
Segurako liburu azokan %15eko deskontuarekin erosi ahal izango da liburua asteburu honetan. Hortik aurrera, Segurako Ardixarra etxean salduko dute liburua. Bestalde, kokagune hauetan ere eskura daiteke liburua: Beasaingo Mirentxu liburu-dendan eta herri dendan, Ordiziako Larratxa liburu-dendan,eta Lazkaoko Gerriko liburu-dendan. Liburua 20 euroan dago salgai.
Toki horietan aurrez aurre erosteko aukerarik ez dutenek, edota galdera edo eskariren bat egin nahi duten herritarrek honako helbide honetara idatz dezakete: katalinarenliburua@gmail.com.