Goierri, Euskal kulturaren topagune
Bihar arte iraungo du atzo arratsaldean zabaldutako Euskal Liburu eta Disko azokak Lazkao, Ataun eta Seguran. Literaturaz eta musikaz gozatzeko aukera paregabea dago.
Martxan da Euskal Liburu eta Disko Azoka bakarraren beste edizio bat ostiraletik igandera bitartean, Goierrin. Hiru herritan gauzatu da berriz ere aurtengoan, eta dagoeneko Ataungo 19.a, Lazkaoko 36.a eta Segurako 18. edizioak dira. Euskal kulturaren topagune bihurtuta, literaturaz eta musikaz gozatzeko aukera paregabea dago.
Lazkaon aste osoa daramate azoka girotzen. Gaur, Antton Arrieta idazleak Euskal Herriko gazteluak (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Iparraldea) liburuaren aurkezpena egin du azokan, eta biharko egunean ere jarraituko du egitarauak: 12:00etan Maitane Ormazabal eta Iker Irribarria egileek ondutako “Irri” liburuaren aurkezpenaren ondoren, gabonetako kontzertua emango du Lazkaoko Bandak herriko azokan.
Ataunen, berriz, herri antzokian atondu dute azoka, eta Fermin Erbiti eta Iñaki Perurenak Harria bidelagun liburua aurkeztu dute. Hori gutxi ez eta bihar ere beste liburu baten aurkezpena entzuteko aukera egongo da: Mikel Sarriegiren Gipuzkoako dantza maisuen puntuek eta aldairak liburuarena, hain zuzen, eguerdiko 12:00etan.
Seguran Botikaxahar kulturgunean aurkitu daiteke azoka, eta bestelako ekintzen artean, Katalina Goia Murgiondo sukaldari zenaren errezeta-liburuaren edizio berritua aurkeztu zuten, erta bihar arratsalderaino egongo da irekita. Erosketa guztiek %15eko deskontua izango dute, hiru herrietako udalek finantzatuta.