Legazpiarrek gabonei hasiera eman diote Martin Pipas eta Merkatu Txikiarekin
Giro polita izan da gaurkoan Haztegi Ikastola parean. Zenbait emanaldiz gozatzeko aukera izateaz gain, liburuak, jostailuak eta arropak erosteko aukera izan dute bisitariek.
Hamar egun besterik ez dira geratzen Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin batera, aurtengo gabonei hasiera emateko. Eguraldia kaskar, legazpiarrek urteroko ohiturei jarraipena eman diote, eta beste urte batez, Haztegi Ikastolak bertako guraso, irakasle eta DBH-4ko ikasleen artean antolatuta, merkatu txikia egin dute Latxartegi parkean. Liburuak, jostailuak eta arropak erosteko aukera izan dute bisitariek. Saldutakoarekin lortzen duten dirua, DBH4ko ikasleen ikasbidaiarentzat izango da.
Goiz-goizetik sekulako giroa egon da ikastola parean, eta hainbat emanadiz gozatzeko aukera izan dute herritarrek: dantzariak, trikitilariak eta panderojoleak, bertsolariak… Arratsaldean, berriz, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen abesbatzak gabon kantak abestu ditu, ikastolako haurren laguntzarekin batera. Hori gutxi ez, eta Martin Pipasekin hitzordua izateko aukera eduki dute etxeko txikienek, Olentzerorentzat egindako eskulan zein idatzitako eskutitzak jaso baititu Martin Pipasek.