Zubelzu eta Galdos gailendu dira Emakumezkoen I. Ordizia Hiria pala txapelketan
Zubelzu-Galdos eta Irazustabarrena-Lopez jokalariek jokatu dute finala, eta 35-23 geratu dira markagailuan, hurrenez hurren. Ordiziako udal ordezkariek banatu dituzte sariak.
Oiangu pilota elkarteak eta Ordiziako Udalak antolatuta, iritsi da azaroaren 15ean hasitako Emakumezko I. Ordizia Hiria larruzko pala txapelketari amaiera emateko eguna. Denera, Hego Euskal Herriko hamasei pilotarik hartu dute parte, zortzi bikotetan banatuta.
Ikuslez goraino bete da Ordiziako Beti Alai pilotalekua, eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu da aurrena; oro har, jokoan sendo agertu dira uneoro jokalariak, eta, partidu nahiko berdindua izan da. Azken momentuan markagailuan 34-31 jartzea lortu dute Mazizidor eta Balerdik, baina merituzko bi tantoren ondoren, azkenean gasteiztarrak gailendu zaizkie.
Horren ostean eman diote hasiera finalari. Hasieratik hartu dute aurrea gipuzkoarrek: Intentsitate handiko partidoa izan du Zubelzuk, asko jo, ondo defenditu eta tanto ederrak amaituta, eta ederki jarraitu dio Galdosek ezker eskubi inork baino gehiago astinduz jokaldiak ederki amaituz, zorrotz eta akatsik gabe. Horrek guztiak aukerarik gabe utzi ditu Irazustabarrena eta Lopez, 27-5 markagailuan ikus zitekeen gisan. Gutxika-gutxika, ordea, Irazustabarrena eta Lopezek duten maila erakutsi dute pilotalekuan eta jokoaren dinamika horrekin haustea lortu dute, 35-23 bukatuta.