Arantzazu Gereñu Barriola da Zeraingo alkate berria
Gereñuk alkate kargua hartu zuen atzo arratsaldean egin zuten ez ohiko osoko bilkuran. Gorka Urteagak uko egin zion karguari azaroan.
Arantzazu Gereñu Barriola da Zeraingo alkate berria. Hala erabaki zuen udalbatzak atzo arratsalden egin zen ez ohiko osoko bilkuran. Gorka Urteagak azaroaren amaieran egin zion uko alkate karguari arrazoi pertsonalak argudiatuta. Gereñuk Urteagak utzitako lekua beteko du, beraz, aurrerantzean. Zeraingo udalbatzaren gehiengoaren babesa jaso du Gereñuk, aldeko lau boto izan zituen (EH Bildu) eta bi abstentzio (Zerain Burujabe). Oposizioko alderdiaren hirugarren zinegotziak ez zuen bilkuran parte hartu.
Urteagaren dimisioaren ondorioz, udalbatzaren osaketan zinegotzi kargu bat ere hutsik geratu zen. Fermin Mendia Zunzunegik hartu du kargua EH Bilduren izenean.
Lehenenego aldia politikan
2023ko udal hauteskundeetan EH Bilduk irabazi zituen hauteskundean Zerainen. EH Bilduk 112 bozka lortu zituen eta Zerain Burujabek, berriz, 89. Ondorioz, EH Bilduren lau zinegotzi eta Zerain Burujaberen hiru zinegotzirekin osatuta geratu zen Zeraingo udalbatza urte bereko ekainean egin zen udalaren eraketan.
Gereñuk adierazi duenez, udal gobernuaren lan ildoak legegintzaldiaren hasierako berberak izango dira eta beraz, berak jarraipena emango dio Urteagak hasitako lanari, «zentzu horretan ez da ezer aldatuko», zehaztu du.
Erronkak
Epe motzera begira, Zeraingo Udalak duen erronka nagusiena datorren urteko aurrekontuak osatu eta onartzea izango da. Gainontzean, herriko bizikidetza suspertzea ere izango da beste helburu nagusietako bat.