Euskaber-ek Gonzalo Nardiz saria jaso du
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza departamentuak banatzen ditu. Atzo izan zen sari banaketa.
Zaldibiako Olaeta Agroaldean dagoen Euskaber enpresak Gonzalo Nardiz saria jaso zuen atzo, abenduak 16, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren eskutik. Nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesional luzean modu berezi batean nabarmendu diren pertsonei edo kolektiboei ematen dizkie sari horiek Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza departamentuak.
2000. urtean jaio zen Euskaber, 3 baserritar eta Kalitatea fundazioa elkartuta. Euskaberrek adierazi duenez, landa garapena dute helburu, “baserritarra baserritik eta baserrian era duin batean bizitzea”, alegia. Egun, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan 36 baserrirekin egiten dute lan. Baserrietan oiloak hazi eta arrautza ekologiko eta kanperoak Eusko Label zigiluarekin saltzen dituzte. Arrautza horien atzeko baloreak nabarmendu dituzte: “Bertakoa, tradizioa, jasangarritasuna, oiloen ongizatea, paisaia, pertsonak”.