Gabonetako sorkuntza lanen lehiaketan parte hartzeko azken egunak
Herriko balkoi eta leiho ederrenak izendatzeko lehiaketa ere martxan dago. Ostiralean da izena emateko azken eguna.
Urtero garai honetan egin ohi duenez, Idiazabalgo Udalak Gabonetako sorkuntza lanen lehiaketa deitu du aurten ere. Ostirala izango da lanak aurkezteko azken eguna. Lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat antolatuko dute, ondoren. Erakusketa abenduaren 26tik urtarrilaren 3ra bitartean egongo da ikusgai udaletxeko areto nagusian. Gabonetako sorkuntza lanen lehiaketarekin batera, herriko balkoiak eta leihoak atontzeko lehiaketa ere martxan da. Parte hartu nahi dutenek abenduaren 20rako eman beharko dute izena udaletxean.
Gabonetako sorkuntza lanen lehiaketa hiru kategoriatan banatuta egingo da: A kategoria, 2017 eta 2022 urte artean jaiotakoena; B kategoria, 2014 eta 2016 urte artekoak; eta D kategoria, 2013an edo lehenago jaiotakoena. Urtero bezala postalak, eskulanak zein idazlanak aurkeztu ahal izango dira, beti ere Gabonak gaitzat hartuta.
Edertasuna sarituz
Idiazabalgo balkoi eta leiho ederrenak aukeratzeko lehiaketa ere martxan jarriko da datozen egunetan. Abenduaren 26tik urtarrilaren 2ra atondu beharko dituzte euren etxe eta baserrietako inguruak parte hartzaileek. Jasangarritasuna eta materialen berrerabilpena, originaltasuna, kalitatea eta diseinua hartuko ditu kontutan epaimahaiak. Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 3an izango da, udaletxeko areto nagusian.