Goierriko artistek Usua Gabarain omenduko dute
Goierriko Artisten Topaketaren 23. edizioa izango da aurten. Ostiralean egingo dute juntadizoa Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Urtarrilaren 12ra arte egongo dira ikusgai artelanak.
Goierriko artistak urteroko topaketa egiteko atzera kontaketan ari dira. Ostiralean izango da hitzordua, Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Arte diziplina desberdinak lantzen dituzten 41 artisten lanekin osatutako erakusketa irekiko dute juntadizoarekin. Jokin Telleria artista beasaindarra ari da antolaketa lanetan eta hark deskribatu duenez, “margolanak izango dira batik bat, baina baita eskultura eta argazkilaritza ere”. Erakusketa hurrengo asteetan ikusgai egongo da (urtarrilaren 12ra arte), 18:0etatik 20:00etara, jai egun berezietan izan ezik.
Urtero, eguberri inguruan egin ohi dute topaketa hau. Hain zuzen ere, Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan egin zen urte askoan, Igartza Jauregiak hartu zuen ondoren, eta azkeneko bi urteetan, Igartza monumentu multzoko burdinolan egin zuten. Aurten, berriz, sorrerara itzuliz, Usurbe Antzokira itzuliko da. Herrigunean izanik, herritar guztientzat irisgarri egin nahi dute artea.
Omenaldia
Goierriko Artisten Topaketaren 23. edizio hau berezia izango da Telleriak nabarmendu duenez. Usua Gabarain artista olaberritarraren omenez egingo da. Gabarain, aurtengo apirilean hil zen. Bidelagun izan dituen artezaleek bere koadro bat ipiniko dute erakusketan. Goierriko Artisten Topaketaren aurtengo edizioa iragartzeko kartelean ere ipini dute Gabarainen lana.