Zahartzaroari eta zaintza lanei buruzko proiektua aurkeztu du udalak
Farapik eta udalak elkarlanean egin dute zaintzaren lanketa. ‘Zahartzarorako prestatzen’ esku orria da lehenengo emaitza. Martxoaren 8an zaintzaren ibilbidea egingo dute.
Zaintza diagnostikoaren ondorioetatik etorkizuneko lan-ildoei herritarrekin tiraka izeneko proiektua aurkeztu zuten atzo arratsaldean Zegaman. Herritarrei proiektuaren jatorria eta helburuak azaldu dizkiete; baita, orain artean egindako lanketen berri eman ere. Zahartzarorako prestatzen izeneko esku-orria izan da proiektu honek eman duen lehendabiziko emaitza; dagoeneko banatu dute herritarren artean, eskutitzez eta sare sozialen bitartez.
Farapik 2023an Zegamako zaintza lanean inguruan egindako diagnostikoa izan da proiektuaren aurrekaria. Lanketa hartatik ondorio asko mahaigaineratu ziren. Bi nabarmendu ditu Ainhoa Errasti Zegamako berdintasun zinegotziak: «Zaintza lanak ikusarazi eta balioan jartzeko beharra batetik, eta zahartzarorako prestatzeak duen garrantziaz kontzientzia hartzea, bestetik». Lan lerro hauetan hasi ziren lanean uda aurretik bi taldetan banatuta: emakumeen taldea bat, eta adinekoena, bestea.
Zaintzaren mapa
Emakumeen taldea «zaintzaren ikuspegitik, Zegaman garrantzitsuak diren espazio ezberdinak» identifikatzen aritu da, zaintzaren mapa osatuz. Herrian hainbat puntu atzeman dituzte eta «zergatik diren garrantzitsuak ere hausnartu» dute. Orain, puntu horiek aintzat hartuta zaintzaren ibilbidea diseinatzen ari dira; «puntu asko daude identifikatuta, denak ezin dira sartu eta aukeraketa bat egin dugu guztien artean», azaldu du Errastik. Ibilbidea martxoaren 8rako prest egongo da, «zaintza puntu bakoitzean beharrezko aitortza hori egiteko plaka bana ere jarriko da», zehaztu du.
Adinekoen taldean, bestetik, zahartzaroari buruzko hausnarketa burutu dute. Zahartzaroan aurrera egin ahala agertu daitezkeen arazoei aurrea hartzeko eta egon daitezkeen zailtasunei aurre egiteko esku-orri bat argitaratu dute «nola zainduak izan nahi dugun hausnartzera animatzeko», diote. Zegamako adinekoen mahaia ere sortu da lan talde honetatik. Mahai honek herriko adinekoen eta udalaren arteko zubi lanak egingo ditu; «adinekoen eskaerak eta proposamenak adierazteko» espazioa ere izango da.
Aitzgorri jubilatu elkarteak, berdintasun eta ongizateko zinegotziek, gizarte langileak, herriko erizainak eta farmaziako eta herri bi komertzioetako arduradunek osatzen dute mahaia. Urtean bitan bilduko dira, hasiera batean, intereseko gaiak elkarrekin lantzeko.