Etxebizitzaren gaian «interesik eza» ikusten du Izal Berrik
Etxebizitzarena lehentasunezko gaia da Izal Berrirentzat. Herri basoen kudeaketari ere garrantzia eman diote.
Idiazabalgo Udalak 6.177.956 euroko udal aurrekontua onartu berri du 2025erako. Aurrekontua EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zen azaroaren amaieran egindako osoko bilkuran; Izal Berriko hiru hautetsiek kontrako bozka eman zuten, arrazoiak zeintzuk izan diren zerrendatu ditu Mikel Mujika alderdikideak. Legealdia hasi zenetik Izal Berrik hainbat proposamen egin dizkio gobernu taldeari Mujikaren hitzetan, baina, orain artean, ez dituztela aintzat hartu azpimarratu du.
Etxebizitzarena lehentasunezko gaietako bat da oposizioko alderdiarentzat, eta zentzu horretan EH Bilduren gobernu taldeak «ez duelako nahikoa egin» irizten dio Mujikak. «Gaiari heltzeko benetako interesik ikusten ez dugulako bozkatu dugu kontra», arrazoitu du. «Etxebizitzaren alorrean ahalegin berezi bat egin behar dela azpimarratu dugu Izal Berritik legealdia hasi denetik; baina, datorren urteko aurrekontuetan ere ikusi dugu oso diru partida txikia bideratuko dela gai honetara, 45.000 euro, Zepai eremuko plan partziala egiteko. Plan honek urteak daramatza egiteko zain, eta orain arte ez da ezer egin», dio.
Etxebizitza berriak martxan jartzeko bi aukera egon badaude Mujikaren hitzetan: «Zepai auzoan hirugarren etxebizitza bloke bat egiteko proiektua adostuta dago 2008tik, beste biak egin zirenetik». Gainera, Idiazabalgo Plan Orokorra egin zenean, EH Bilduk eta Izal Baik udaletxe zaharrean etxebizitza libreak egiteko proiektu bat ere adostu zutela gogorarazi du, «plaza eta frontoi zaharraren eraberritzea etxebizitzen proiektuarekin batera jasota dago plan orokorrean, baina orain aldatu egin nahi dute hitzartutakoa». Idiazabalen etxebizitza berriak egitea garrantzitsua da, beste aukerarik ezean, «gazteak herritik alde egiten» ari direlako.
Haurrentzako parkeak
Aita Iparragirre ikastetxean egingo den patio inklusiboaren proiektua ere ez dute begi onez ikusten, «ez gaude proiektuaren kontra, baina ez dugu dirutza hori ordaintzeko unea denik uste». Izan ere 200.000 euroko partida aurreikusita dago obra egiteko, «baina orotara, obra 500.000 euro kostatuko da beste 300.000 euro konpromiso kreditu bidez lotuta baitaude, eta 2026 eta 2027ko aurrekontuetan sartu beharko dira». EH Bilduri gaia argi azaldu ez izana ere leporatu dio Mujikak. Aurten patio berria zehazteko egin den parte hartze prozesuak «oso parte hartze txikia» izan duela ere azpimarratu du. Gainera, parke berriak kirol instalakuntzak murriztuko dizkio herriari Mujikaren ustez, «dagoen teniseko pista bakarra desagertuko baita». Proiektu honi, Txomenaneko haur parkea berritzeko aurreikusita dauden beste 70.000 euroko partida gehitu dio, «horrek esan nahi du ia 600.000 euro haurrentzako parkeetan gastatuko direla, eta etxebizitzetarako, zer? Atzekoz aurrera goazela iruditzen zaigu», dio.
Lehentasunezko beste gai batzuen artean eguneko zentroa lekuz aldatzekoa nabarmendu dute Izal Berritik. Gaur egun, Pilarreneako bigarren solairuan kokatuta dago, baina ez ditu irisgarritasunaren aldetik beharrezko baldintzak betetzen. Behin, eguneko zentroa lekuz aldatuta, kultur etxea jartzeko «leku egokia» litzatekeela uste du. Herrian urtean zehar egiten diren ekimenetarako balio anitzeko estalpe baten beharra ere ikusten dute: «Orain urte batzuk udalak galdeketa bat egin zuen estalpearen inguruan. Bere garaian bazegoen kezka bat, baina orain, alde batera utzita daukate gaia».
Basoen kudeaketa
Herri lurretako mugak digitalizatzeko proiektua Izal Berrik legealdia hasi zenetik mahai gainean izan duen proiektuetako bat dela aipatu du Mujikak. Aurtengo aurrekontuetan proiektua martxan jartzea aurreikusita zegoen arren, oraindik ez dela ezer egin aipatu du; «hainbat bilera egin dituzte orain gutxi, baina proiektuari ez diote heldu oraindik».
Herri basoen kudeaketari buruz aldundiak basoetako hobekuntzara bideratzen duen foru funtsetik, azken urteetan, ez dela behar besteko etekinik atera diote, «orain arte ez zaio kasu handiegirik egin eta dirua galdu da bidean. Basoak igartzen ari dira banda marroia gaitzarengatik», amaitu du.