Indarrak batuta, aukera erosleentzat
Ordiziako Etxezarreta kalean, Ferreteria stock&second proiektua osatu dute bost saltokik elkarlanean.
Eguberri garai honetan, erosketa eta opariak egiteko garai bete-betea denean, indarrak batuta, proposamen berria eskainiko dute asteburuan Ordiziako eta Beasaingo bost dendarik, Etxezarreta kaleko 5. zenbakian, Herri Antzokiaren ondoan egokitu duten Ferreteria stock&second dendan. Moda munduko bi kontzeptu, stock eta second uztartzen dituzte Porfirio Fernandez, Ness by Esti Garcia, Gofi Berri, Kilimak eta Mujika txirrinduek.
Izan ere, denboraldiz kanpoko emakumezkoen (Ness), gizonezkoen (Porfirio) eta haurren (Gofi) jantziez gain, jostailuak (Kilimak) eta txirrinduak (Mujika) «prezio onean» erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bitxiak eta liburuak ere bai.
Ness-en kasuan gainera, bigarren eskuko arropa ere jarriko du salgai: 25 urte hauetan Ness dendan erositako arropa izango da, bezeroek etxean dutena eta erabiltzen ez dutena. «Bigarren aukera bat emango zaio arropa horri, armairutik aterata», dio Esti Garciak.
Azkeneko aukera
Azaroko hainbat asteburutan ere errepikatu dute esperientzia, eta azkenekoa ere «polita» izango dela ziur daude ekintzaileak. Ostiraletik igandera bitartean, 10:00etatik 21:00etara egongo da irekita «ferreteria berezia», etenik gabe.