Olaberriko frontoian hasiko da emakumezkoen binakakoa
Abenduaren 21ean, larunbatean, emango diote hasiera, eta aartxoaren 29an jokatuko dute finala, Iruñean, Labriten. Goierrin, Olaberrian, Beasainen, Seguran eta Zumarragan jokatuko dira partidak.
Abenduaren 21ean hasiko da Olaberrian Ados Pilota Elkartearen Emakumezkoen Binakako Txapelketa, urteko lehiaketarik luze eta gogorrena izango dena. 2025eko martxoaren 29an (gizonezkoena baina egun bat lehenago) bukatuko da Labrit pilotalekuan, Euskal Herrian barrena 46 partida jokatu ondotik.
Hogei pilotari ariko dira hiru hilabete luzez. Ondorengoak dira parte hartuko duten hamar bikoteak. Lehen Mailan sei hauek arituko dira: Barrokal-Arrastia, Oskoz-Agirre, Ruiz de Infante-Orbegozo, Arrieta-Leire Galeano, Aranburu-Mujika eta Iturriaga-Mendiburu. Hiru pilotarik lehen aldiz jokatuko dute maila nagusiko txapelketan: Arrastiak, Oskozek eta Aranburuk.
Promozio Mailan, berriz, lau bikote hauek arituko dira: Iriarte-Sotil, Insausti-Bertiz, Lamadrid-Perez eta Gomez-Sagardui. Zortzi pilotarietatik bostek lehen aldiz jokatuko dute binakakoa: Iriartek, Insaustik, Lamadridek, Gomezek eta Sagarduik. Sotil, Bertiz eta Perez Adosen txapelketa nagusia jokatutakoak dira. Horrez gain, aipamen berezia izan dute beste behin Naroa Elizalde Etxekolonea pilotariarentzat. Txapelketaren irudia berea izango da eta keinu honekin babes nahiz animoak eskaini nahi izan dizkiote bere errekuperazioan.
Txapelketaren formatoa
Lehiaketa sistema, berriz, ez da aldatu. Lehen Mailako sei bikoteek bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen lau bikote sailkatuak finalerdietan ariko dira: ligaxkako lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarren sailkatuak, hirugarrenaren aurka.
Martxoaren 22an jokatuko dute lehen finalerdia, Donostian, eta hurrengo egunean, 23an bigarrena, Miarritzen (Lapurdi). Promozio Mailan, berriz, bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du, eta lehen bi sailkatuak finalean ariko dira.
Beste behin, Euskal Herriko makina bat frontoitan jokatuko dituzte partidak, zehazki, 26tan, horietako lau goierritarrak: Gipuzkoan, Olaberrian, Seguran, Beasainen eta Zumarragan, baina gainera, Gipuzkoan, Zestoan, Azpeitian, Antzuolan, Azkoitian, Tolosan, Aizarnazabalen, Getarian, eta Donostian; Nafarroan, Sunbillan, Beran, Lekunberrin, Irurtzunen, Arroitzen, Lizarran, Agoitzen, Altsasun eta Iruñean; Bizkaian, Sopuertan, Otxandion, Mallabian eta Lekeition; eta Lapurdin, Miarritzen.
Antolatzaileak «oso pozik» daude, udalek «oso ondo» erantzun baitute. Babesleen laguntza ere eskertu dute. BERRIA dago babesle horien artean. Berriro ere, egunkariak txapelketa babestu, eta haren berri emango du. Baita Hamaika Telebistak ere. Partida guztiak Adosen Youtube kanalean ikusi ahal izango dira zuzenean, eta Hamaikak astelehenean emango ditu, Joko Zelaia saioan.
Finalerdiak eta finala, berriz, zuzenean ikusi ahal izango dira Hamaikan. Beraz, osagai guztiak dauzka aurtengoak ere, iaz bezain arrakastatsua izateko.