Zaldibiako Udalak 2,5 milioiko aurrekontua edukiko du 2025ean
Azaroko bilkuran udal gobernu taldeak alde, EAJk abstentziora jo du. Aurtengo diru saila baino %6,3 handiagoa izango da. Esku artean dituen proiektuekin jarraitzea hartu du udalak inbertsioetako egitekoa.
Zaldibiako Udalbatzak azaroaren azkeneko astean egindako osoko bilkuran onartu zuen 2025erako udal aurrekontua. Guztira, 2.516.017 eurokoa izango da. Igoera nabarmena jasango du aurtengo aurrekontutik, 150.000 euro gehiagorekin, %6,3 haziko baita. Udal gobernuan dagoen EH Bilduren aldeko botoekin atera zen aurrera datorren urteko aurrekontu proposamena, eta EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Aurreko urteetako lan-ildoaren jarraipena ziurtatuko du udalak, inbertsioei eta proiektuei dagokienez. Aurreratu dutenaren arabera –hiru herri batzar espezifikotan xehatuko dituzte aurrekontuak–, 303.073 euroko inbertsio ahalmena edukiko du udalak 2025ean.
Plazaren eraberrikuntzarekin jarraituko du, eta jolas parkea egokituko du. Bestetik, mugikortasun planean aurreikusitako aldaketak inplantatzea, Luberri aretoko makineria erostea, lur sailak erostea, baserritarren zerbitzurako makinak erostea, eta jasangarritasun energetikoaren bidean urratsak egiten segitzea izango dira jarduerak.
Sarrerak eta gastuak
Sarreren eta gastuen atalei dagokienez, ohi bezala, udalaren diru iturri nagusia UFFF Udalak Finantzateko Foru Funtsa izango da. 1.543.648 euro jasoko ditu hortik, aurrekontu osoaren %61. Zergen bidez jasoko dituen beste 366.000 euro eta zerbitzuengatiko prezio publikoen truke kobratutako 450.700 izango dira beste sarrera nagusiak.
Gastuetan, ohiko atalek eramango dute ahalegin handiena. Udal langileetan –18 udal langile, kargu publiko bat eta udako jardueretako begiraleak ditu udalak soldatapean– 950.918,09 euro, eta zerbitzu, mantenu, hornikuntza eta konponketetan 851.325 euro erabiliko dira.
Beste 390.700 euro, udalaz gaindiko erakunde eta mankomunitateen ekarpenetarako, herriko eragileekin elkarlanerako edo euskarazko hedabideen laguntzetara bideratuko ditu udalak.
Hiru herri batzar
Udal aurrekontuen txostena behin-behinean onartu ondoren, herritarrei azalpenak xeheago emateko herri batzarrak antolatu ditu udalak. Orain arteko informazio-bilera bakarraren ordez, hiru egingo dituzte, udalaren antolaketa bereizita dagoen hiru eremuetako bakoitzerako bana.
Lehenbiziko azalpen batzarra, aurrekontuak eta proiektuak esplikatu, eta herritarren ekarpenak jasotzeko, Herri bizigarria eremukoa izango da. Bihar, 18:30ean, udaletxean da bilera. Herri antolamendua, mugikortasuna, energia, elikadura, lana, zerbitzuak, ingurumena eta etxebizitza arloak landuko dituzte.
Hurrena, urtarrilaren 16an Zaintza eta komunitatea eremuko batzarra egingo dute, eta 23an Herrigintzaren kultura esparrukoa, ordu eta leku berean. Saioak ordubetekoak izango dira, eta itzulpen zerbitzua jarriko dute euskaraz ez dakitenentzat.