Irizarren bi ie truck NG kamioi martxan atzotik, Donostian
Donostiako Udalak Irizar ie truck NG kamioiaren bi unitate erosi ditu, eta atzotik zirkulazioan daude Gipuzkoako hiriburuan. Hondakinak biltzeko bi ibilgailu dira eta ibilbide guztietan erabiliko dituzte.
Atzo egin zuten Ibilgailuen aurkezpena Ormaiztegin, Irizarren instalazioetan. Eneko Goia Donostiako alkatea eta Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak parte hartu zuten Donostiako Udalaren izenean eta Imanol Rego Taldeko CEOak, Josu Letona ie truck ibilgailuaren arduradunak eta Miquel Gutierrez ie truck ibilgailuaren salmenta arduradunak Irizar taldearen izenean.
Belaunaldi berriko ibilgailu hauek Irizar Gen3 bateriak dituzte, 307 kWh-ko energia ontziratuarekin eta 360 kWko gehienezko potentzia duen Irizar sistema traktore batekin eta alboko karga duen karrozeria da. Ezaugarri horiekin, bi kamioiek Donostiako hirian eskatzen diren ustiapen eta autonomia eskakizunak betetzen dituzte.
Irizar ie truckak hirietan eta hiri inguruneetan kutsadura atmosferikorik eta akustikorik sortu gabe zirkulatzea ahalbidetzen du, hiri garbiago bat eta donostiar guztientzat ingurune jasangarriago bat sortuz.
Gainera, Irizarren autobus-sorta soan bezala, segurtasuna ibilgailu honen funtsezko faktoreetako bat da. Maila irisgarri bakarra du 370mm-ko altueran (merkatuko txikiena), horrela gidariaren eta bere laguntzaileen segurtasuna bermatuz. Gainera, eserlekuaren posizio baxuak eta aurrealdeko, alboko eta ateetako beira zabalek aurrekaririk gabeko ergonomia eta ikuspen zuzeneko baldintzak sortzen dituzte herritar guztien segurtasunerako. Segurtasuna ibilgailuaren hainbat elementu teknologikoren bidez are gehiago indartu da, bai eta gidariari laguntzeko ADA gailuen bidez ere.
Diseinua —markaren ikonoa— kamioi honen erakargarri nagusietako bat da. Beste datu azpimarragarrietako bat da kamioien errotulazioa. Kamioien atzeko aldean haurrek sortutako marrazkiak daude, Donostiako aniztasun eta berdintasun sailak deitutako Gure hiria aurkituz izeneko lehiaketara aurkeztutakoak, hain zuzen. Altza, Mendiola, Asuncion, Intxaurrondo Hegoa eta Herrerako ikastetxeetako 200 ikasle inguruk parte hartu zuten.