Sagaspekoen azken eguna Zumarragako azokan
Sagaspe baserrikoek ogia egiteari utziko diote bihar (asteartea). Bihar goizean erosi ahal izango da azkenekoz Sagaspeko ogia, Zumarragako plazan. Larunbatean azkenekoz saldu zituzten ogiak eta baserriko gainontzeko produktuak Zumarragako azokan. Francisca Kortak 1933an hasitako ibilbideari amaiera eman zioten. Urte hauetan guztietan bezero izan dituztenei eskerrak emateko, bertso bat idatzi dute. Postuan jarri zuten, Santa Lutzi egunean eta larunbatean:
Hartu irina, legami, gatzak
ura handik ta hemendik.
Sartu eskuak eta nahastu,
ore sendo batengatik.
Urte luzetan martxan dabilen
labe goxo honetatik,
eskerrik asko eman guztioi
sagaspetarren partetik.
91 urteko lanari behar bezalako agurra emateko, urte hauetan guztietan azokan ogia saldu duten Sagaspeko sei emakumek argazkia atera zuten larunbatean: Edurne Arrazola (Franciscaren birbiloba), Rosario Zaldua (Franciscaren biloba eta Edurneren ama), Agurtzane Zaldua (Franciscaren birbiloba), Marianti Zaldua (Franciscaren birbiloba), Estitxu Zaldua (Franciscaren birbiloba) eta Rosi Barrio (Agurtzane eta Estitxuren ama). Azokako lana amaitu ondoren, Euxebi Ormazabal (Mariantiren ama) zenarekin egin ohi zuten bezala, Hirukia tabernara joan ziren mokadutxoa egitera.