Udaberritik aurrera martxan
Aldundiko aurrekontuak onartuta, Goierri-Donostia autobus zerbitzua udaberrian hasiko da. Zumarragatik abiatuko da, eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo ditu geldialdiak.
Azaroan jakinarazi zuen Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Beasaingo alkate Leire Artolarekin, Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin eta Zumarragako alkate Mikel Serranorekin batera, Goierritik Donostiara zerbitzua eskainiko lukeen autobusa jarriko luketela martxan Aldundiko aurrekontuak onartuko balira. Abenduaren 26an argitaratu zuten onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hala, udaberritik aurrera martxan jarriko dute Goierri-Donostia linea.
Lurraldebusen bitartez eskainiko da. Ordezkariek azaroan azaldu zutenaren arabera, orduero egongo da zerbitzua, astelehenetik ostiralera 06:00etatik 21:00etara, eta bi ordutik behin larunbatetan eta igandeetan, 08:00etatik 22:00etara. Alderantzizko bidea ere egingo du, Donostiatik Goierrira. Mugi txartelarekin erabili ahal izango da zerbitzua.
Goierri zen orain arte Donostiarekin autobus bidez konektatuta ez zegoen lurraldeko eskualde bakarra. Aldaketarik egon ezean, Zumarragatik aterako da autobusa, eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo ditu geldialdiak Donostiara iritsi aurretik.
Beasaingo, Ordiziako zein Zumarragako ordezkari politikoek begi onez jo zuten zerbitzua jartzeko erabakia, Aldundiarekin batera horren alde lan egin ondoren. Legazpikoek eta Legorretakoek, ordea, desadostasuna erakutsi zuten, herri horiek ibilbidetik kanpo uzteagatik.
Legazpiko aukera
Legazpiko EH Bilduk Legazpitik zergatik ez den abiatuko galdegin zuen zerbitzuaren berri izatean. «Legazpitik Donostiara Zumarragatik, Beasaindik eta Tolosatik baino tren gutxiago abiatzen dira. Horri gehitu behar zaio murrizketak daudela aldiriko trenaren ordutegietan AHTaren Hernaniko lotunearen obren ondorioz, eta askotan trenak ez direla Legazpira iristen», adierazi zuen. Gehitu zuen Legazpi ibilbidean txertatzeak ez lukeela bidaia luzatuko «lehenengo eta azkeneko geltokia izango litzatekeelako».
Horri erantzunez, Azahara Dominguez diputatuak adierazi zuen «egon daitezkeen aukerak aztertzeko asmoa» zuela aldundiak, eta bi aukera plazaratu zituen: bata, linea Legazpiraino luzatzea azterketa teknikoa egin ondoren; eta bestea, Legazpi eta Zumarraga arteko autobusen ordutegiak koordinatzea autobus-aldaketa ahalbidetzeko. Dena dela, ez dute oraindik horrelakorik baieztatu.
Herri txikiak
Legorretako EAJk ohar bidez adierazi zuen azaroan desadostasuna, zerbitzu berria «positiboa baina nahikoa ez» dela esanda. «Herri txikietako erabiltzaileak baztertzen» dituela agertu zuen: «Gure herriko erabiltzaileak, bereziki Unibertsitatera doazen gazteak, orain arte, Tolosara joatera behartuta daude, bertako autobusa hartzeko, are gehiago Renfeko hurbileko trenen zerbitzu penagarria kontuan izanik, eta zerbitzu berri hau onartu arren, berdin jarraituko dute, Tolosara nahiz Ordiziara joatera behartuta».
Alderdiak gehitu zuen zerbitzu horrek ez diela «inongo onurarik» ekarriko, «ez legorretarrei ez beste herri txikietako erabiltzaileei», eta aldundiko mugikortasun sailari eskatu zerbitzu berria berregokitzeko ibilbideko herri txikietako erabiltzaileek ere erabiltzeko aukera izan dezaten. Erantzun publikorik ez dute jaso.
Oraingoz, hala, eta azaroan agertutakoaren arabera, udaberritik aurrera izango da funtzionamenduan Goierri-Donostia linea, Zumarragatik irtenda eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan geldialdiak eginda.