HITZAR Energia Komunitatearen aurkezpena Zaldibian
Aurkezpen ekitaldia bihar egingo dute Herri Antzokian, 18:30ean.
Goierriko energia burujabetza lantzen ari den kooperatiba da HITZAR Energia Komunitatea, eta aurkezpen ekitaldia egingo du bihar, asteazkena, arratsaldeko 18:30ean, Zaldibiako herri antzokian. Itsasondon sortua, Goierrin energia sortzeko eta kotsumitzeko beste modu batzuen bila, energia burujabetza lantzeko helburuarekin sortu dute Zaldibian ere talde hau. Bere oinarria auzolana izango da. Aldibereko itzulpena egongo da aurkezpenean, eta ondoren mokadutxoa egingo dute.
Zaldibiako komunitateak dagoeneko badu proiektu fotovoltaiko bat esku artean, herrian kokaturiko teilatu batean, eta herritarrei proiektuan parte hartzeko deia egin die udalak, komunitatean bazkidetu eta instalazioaren zati bat erosita. Bi aukera luzatu dizkie: batetik, 1KW hartzeko aukera, bi edo zati gehiagotan ordaintzeko aukera izanda (1.200€ko inbertsioa + 30€/urtean mantenu kuota); edo, bestetik, 0.5KW hartzeko aukera (600€ko inbertsioa + 15€/urtean mantenu kuota).
Bazkideentzat onurak
Proiektuan parte hartzeak herritarrei ekarriko dizkien onuren berri ere eman du udalak: errenta aitorpenean egindako inbertsioaren %15 itzuliko zaie; lau urtez %50 hobaria izango dute udalaren OHZn (IBI zerga); elektrizitatea sortzean argindar faktura murriztuko zaie; eta energia iturri tradizionalekiko mendekotasua gutxituko zaie.
Goierrin hedapen handia
Zaldibiaz harago, 2021etik dihardu Goierriko eskualdeak ingurumena errespetatu, eta krisi klimatikoari aurre egitera bidean lanean, eta dagoeneko, zenbait herritara zabaldu dira Energia Komunitateak: Itsasondon, Hitzar energia komunitatea sortu zuten iazko ekainean; Zerainen, bertako Energia Kooperatiba berria sortu zen iazko martxoan, Zerain jasangarriago baterantz pausoak emateko helburuarekin; eta, Legazpin ere, lehen tokiko energia komunitatea (TEK) sortu zuten iazko otsailean.