Ordizian izandako erasoen harira, asanblada irekia deitu du Itaiak
Igandean, urtarrilak 19, arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira Ordiziako D’Elikatuzen. Bertaratzeko deia egin die herritar orori.
Goierriko Itaiak abenduaren 25eko gauean Ordizian emandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu zuen hilaren hasieran. Orain, ordea, bigarren hitzordu bat jarri du igande honetarako. Izan ere, antolakundeak salatu du azkenaldiko erasoen gorakada ikaragarria izan dela herrian, “jai giroan emandako erasoak eta herriko taxista bat sare sozialetatik salatu izana” adibide garbienak izanik. Horrek guztiak dakarren larritasuna salatu dute: “Matxismoaren existentzia ukatzeak, erasoak jasaten dituzten emakumeei bizkarra ematea esan nahi du, eta erasotzaileen inpunitatea indartzea”.
Gaineratu dute, “desmobilizazioa eta erasoen normalizazioa gailentzen ari diren honetan”, erasoak salatzeaz gain, ezinbestekoa dela eraso matxisten aurrean tresna eraginkorrak garatu eta eraso oro gaitzesteko indarrak batzea. Horregatik, igandean arratsaldeko 17:00etan D’Elikatuzen egingo duten asanblada irekira batzeko deia luzatu die herritar orori.